Ane Zuazubiskar eta Gorka Etxabe kazetariek gidatuko dute irekiera ekitaldia, eta euskararekin lotura zuzena duten pertsonai publiko ugari batuko dira bertan.
Egitasmoari sarrera eman eta gero, aurkezleek hiru elkarrizketa burutuko dituzte saioan zehar. Lehena Kike Amonarriz Topaguneko presidenteari eta Arrate Illaro Euskaraldiako koordinatzaileari egingo diote, egitasmoaren xehetasunak aletze aldera.
Geroxeago Mikel Arregi Euskarabideako zuzendariaren, Irati Ornat Iruñerriko dinamizatzailearen eta Maier Arrieta Getxoko Koordinatzailearen txanda izango da. Euskal komunitatearen aniztasuna izango dute hizpide, tokian toki aurkitutakoa deskribatuz.
Azkenik Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunari eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailburuari egingo dizkiote galderak aurkezleek, Euskaraldiak betetzen duen rolaren garrantziaren inguruan.
Elkarrizketen artean sorpresaz eta umorez betetako momentuak egongo dira, bai Euskaraldiko spot eta bideoen bitartez eta baita modu presentzialean ere.
Aurkezpenak ordubete inguru iraungo du eta zuzenean ikusi ahal izango da Goiena Telebistan eta goiena.eus-en, 19:00etatik aurrera.