Domekan, Gipuzkoako Txapelketako pilota partidak

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 24a, 17:22
Manex Balerdik eta Aitor Atxotegik jokatuko dute domekako bigarren partida.

Domekan, Soraluze Pilota Elkarteko kadeteek eta nagusiek Gipuzkoako Txapelketako partiduak jokatuko dituzte Arane kiroldegiko frontoian. 11:00etan hasiko da ikuskizuna, Losada eta Caramanzana kadeteen partiduarekin eta haren ondoren Atxotegik eta Balerdik jokatuko dute nagusien mailan. Ikusleak bertara daitezke, segurtasun distantziak gordeta. 

Joan den astean hasi ziren Soraluzeko Pilota Elkarteko bikoteak Gipuzkoako Txapelketan lehian, kadeteak eta nagusiak, eskuz zein palaz. 

22-17 irabazi zuten Aiert Losadak eta Mikel Caramanzanak, Añorgan. Domekan, 11:00etan Soraluzen jokatuko dute, Hernaniko bikotearen kontra.

Murua eta Balerdi nagusiek, berriz, 22-17 galdu zuten, Astigarragan, Loidi-Sanchez bikotearen kontra. Domekako kadeteen partidaren ondoren, Oiartzungo Ugalde anaien kontra jokatuko dute. Partidu zaila izango dute, Oiartzungo aurrelaria profesional ohia izandakoa da-eta, Asperekin. 

Bestalde, palako pilotariak ere joan den astean hasi ziren lehian, 3. mailan. Jurgi Rascon eta Asier Fernandezek irabazi egin zuten 25-13 Astigarrako bikotearen kontra; Jon Gallastegik eta Joseba Etxebarriak, berriz, 25-13 galdu zuten Errenteriakoaren kontra, 2. mailan. Asteburu honetan, bi bikoteek Donostian jokatuko dute.

Azkenik, pilotako umeak entrenatzen hasi ahal izateko guztia prestatzen ari dira herriko pilota elkartean, protokoloak eta beste, urrian zehar hasteko asmoarekin. Guztia gertu dutenean pilotan jokatu nahi duen umeendako izen-ematea zabalduko dute.