Herritarrak hasi dira igerilekurako txandak hartzen

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 10a, 11:11
Igerilekua.

Datorren maritzenean igerilekua zabalduko zela iragarri eta hurrengo bi egunean, 15 herritar pasak deitu dute txanda hartzeko. 50 minutuko txandak har daitezke, egunean behin. Igerilekuko ikastaroei dagokienez, berriz, oraingoz, bakarrik helduendakoak eskainiko dituzte.

Martxoan itxi zuten igerilekua, alarma egoera ezartzeaz batera. Sei hilabete itxita izan ondoren, irailaren 15ean, 08:30ean zabalduko dute udal zerbitzu hori, pandemiara egokitutako funtzionamenduarekin.

Adibidez, aurrerantzean, bakarrik txanda hartuta bertaratu ahal izango da. Udal Kiroldegitik jakinarazi dutenez, dagoeneko 15 bat herritarrek hartu dute datorren asterako txanda, hainbatek egun bakarrerako, beste hainbatek egun baterako baino gehiagorako.

Aldagelak erabilgarri

Izan ere, egun bakoitzeko, asko jota 50 minutuko txandak har dezake erabiltzaile bakoitzak eta igerilekuko kale bakoitzean, gehienez jota, bi lagun ibili ahal izango dira igerian batera. 

Bestalde, igerilekuko erabiltzaileek aldagelak erabilgarri izango dituzte. Haiek bakarrik erabiliko dituzte aldagelak; kiroldegiko gainerako erabiltzaileek ezin izango baitituzte erabili. Aldagelen garbitasuna bermatzeko, egunero itxi egingo dute igerilekua 14:30etik 15:30era. 

Igerilekua zabaltzeaz bat abiatuko dituzte igerilekuko ikastaroak. Abendura bitartean, bakarrik helduendakoak abiaraziko dituzte. Umeen ikastaroei dagokienez, oraingoz, etenda segituko dute.