Dena ondo bidean, urrian hasiko da Biraka

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 10a, 09:18
Birakako talde bat iaz, kiroldegiko ikuskizunean.

Kiroldegian, bertako eskaintza lehengoratzeko ahalegina egiten ari dira, egoerak lagatzen duen artean, noski. Ildo horretan, jakinarazi dute, dena ondo bidean, Biraka Dantza Elkarteak asmoa duela urrian eskolak hasteko. 55 ikaslek emanda dute izena. Aurten, gainera, areto berrian emango dituzte eskolak: gimnasio berriaren ondoko gelan.

Datozen egunotan, Birakan izena emanda duten ikasleen gurasoekin harremanetan jarriko da Josu Mugika, Birakako arduraduna. Aurtengo ikasturte hasierak izango dituen berezitasunen berri emango die haiei eta jarraitu nahi ez duten ikasleei, berriz, baja emateko aukera eskainiko die.

Izan ere, bestelako jardueretan moduan, Birakan ere neurri zorrotzak errespetatu beharko dituzte dantza eskoletan: maskara jantzita izan beharko dute, elkarren arteko distantziak gorde beharko dituzte, eta, besteak beste, ikasleak etxetik jantzita bertaratu beharko dira, gurasoek ezin izango baitiete janzten eta eranzten lagundu.

Talde txikiak dira

Hori bai, Birakaren kasuan, hainbat neurrik bestelako jarduera batzuetan baino eragin txikiagoa izango dute. Batetik, berez, kontaktu bako ekimena delako eta bestetik, Birakako taldeak bestela ere ez direlako handiak.

Oraingoz, 55 ikaslek eman dute izena Birakan; uda aurretik eman zuten izena, LHtik hasi eta DBHrainoko ikasleak dira eta bost talde osatuko lituzkete.