Sakabanaketa politikarekin amaitu beharra dagoela aldarrikatu zuten

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 9a, 10:03
Herritarrak Plaza Berrian, Asierren eta Iñakiren aldeko elkarretaratzean, atzo, martitzena.

Atzo, martitzena, 90 herritar inguruk salatu zuten Iñaki Saezen eta Asier Herizen heriotza, orain dela 19 urte izandako auto istripuan gertatutakoa. “Dispertsio politikoaren” ondorioa izan zela azpimarratu zuten, gogora ekarriz, politika horrek “aktibo” jarraitzen duela. Adibide modura, adierazi zuten “aste honetan salbuespenezko espetxe politikak Igor Gonzalez presoa erail” duela. Elkarretaratzearen amaieran, gogora ekarri zuten domekan, 12:00etan, Karakaten hitzordua dagoela Oroimen Eguna egiteko.

Brievako kartzelara zihoazela auto istripuan hil ziren Iñaki Saezen eta Asier Herizen familiei babesa erakutsi zieten 90 bat herritarrek Plaza Berrian egindako elkarretaratzean. 

“Dispertsioaren biktima”

Bertan, besteak beste, salatu zuten heriotza hura eragin zuen sakabanaketa politika indarrean dagoela, nahiz eta gaur egun osasun larrialdi egoera bizi. Gogora ekarri zuten “ofizialki onartuak izan gabe” jarraitzen dutela “sakabanaketak hildako 16 lagun” eta azpimarratu zuten “dispertsioaren biktima” horiendako ere “errekonozimendua behar” dela. 

Hona hemen elkarretaratzean irakurri zuten testua, osorik

“Hemeretzi urte igaro dira sakabanaketak Iñaki Saez eta Asier Heriz eraman zituenetik, Brieva espetxeko bidean zendu ziren kotxe istripu baten ondorioz.

Ordutik hona gauza asko aldatu dira Euskal Herrian, baina zoritxarrez, euskal gizarteak lortu nahi duen bake iraunkorraren oinarriak ezin izan dira finkatu oraingoz.

Iñaki eta Asierren bizitzak eraman zituen dispertsio politikak aktibo jarraitzen du, eta urruntzeak mina eta sufrimendua eragiteko helburua leialki betetzen jarraitzen du. Aste honetan salbuespenezko espetxe politikak, Igor Gonzalez presoa erail du. Doakiela besarkada handi bat senide eta lagunei. 

Gobernuen aldetik urrats baldarrak baino ez dira ematen. Gezurra badirudi ere, osasun emergentzia pairatzen dugunetik, presoen urrunketa ez da oraindik desaktibatu eta nazioarteko erakundeen gomendioak ez dira bete; hau da, hirugarren gradura iristeko baldintzak dituzten presoak, gaixotasun larriak dituztenak, arrisku-taldean daudenak eta 65 urte baino gehiago dituztenak askatzea.

Ez da erraza izaten ari, baina errealitate berri bat eraiki nahi badugu, adiskidetzea eta bizikidetza lortzeko bidean aurrera egin nahi badugu, urrunketa eta salbuespen politikak desaktibatzea beharrezkoa da; sufrimenduaren kausak desaktibatzea.

Iñaki, Asier, gure oroitzapenean zaudete eta herri honen oroimenean egotea behar dugu. Zuen bizia eta beste 14 senideren bizia eraman ditu dispertsioak; ofizialki onartuak izan gabe jarraitzen dute sakabanaketak hildako 16 lagun. Errekonozimendua behar da. Dispertsioaren biktima direla onartzea, hori gabe ez baitago inolako bermerik gertatu dena errepikatuko ez dela ziurtatzeko.

Nola ahaztu espetxera bidean edo bertatik bueltan hildako 16 lagunak; 16 malko, 16 lore, ahaztezinak diren 16 biktima.

Muxu handia eta besarkada estua Iñaki eta Asierren senideei eta lagunei”.