Urduri baina ilusioz bueltatu dira eskolara

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 8a, 11:05

Sei hilabeteren ondoren, gaur bueltatu dira ikasgela fisikoetara Plaentxi Eskolako ikasleak. COVID-19aren pandemiari aurre egiteko Hezkuntza Sailak ezarritako neurriengatik, erabat ezohikoa izan da eskolarako sarrera. Urduri zeuden ikasle asko, pozik eta ilusioz gehienak, eskolara fisikoki bueltatu ahal direlako; antzera zeuden irakasleak eta gurasoak ere. 

Gaur goizean, ikastetxe inguruko hiru topagunetan elkartu dira Plaentxi Eskolako ikasleak. Mailaka antolatuta, gurasoak bestetan baino urrutiagotik zaintzen zituztela, ikasgela bakoitzeko tutorearen gidaritzapean egin dute eskolarako joana. 

Hori bai, lehenengo tenperatura hartu diete guzti-guztiei eta ondoren, ilaretan jarri eta distantziak gordeta igo dira ikastetxera.

Gaur, aurkezpen eguna izanda, ohi baino ordutegi laburragoa izango dute. Egoera berrira ohitzen hasteko hasierako orduak, izan ere, martxora arte ezagutzen zuten ikastetxearen funtzionamendua nabarmen aldatu da orain. 

Kontuak kontu, hasi dira eskolan, askoren esanetan, “hori da inportanteena”; beste askoren kezka da, berriz, ea noiz arte segitu ahal izango duten horrela, normal antzean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.