Biharko eskolarako itzulera erabat ezohikoa izango da

Ubane Madera Zangitu 2020ko ira. 7a, 08:59

Hainbat guraso batzarrera sartu aurretik, eguenean.

Bihar, martitzena, hasiko dute ikasturtea Plaentxi Herri Eskolan, modu presentzialean. Baina aurten, eskola jarduna oso baldintzatuta egongo da, ezarriko diren diren segurtasun eta higiene neurri zorrotzengatik: maskararen derrigorrezko erabilera, eskuen garbiketa, ikasleen eta irakasleen mugimendu mugatuta... Hori bai, egoera zail hori leuntzeko hainbat neurri hartuko dituzte ikastetxean. Adibidez, aire zabaleko jarduerak bultzatuko dituzte eta pertsonen arteko harremanak lantzeko ekimenak garatuko dituzte.

Plaentxi Herri Eskolan, erabat berrantolatu dute ikastetxearen jarduna COVID-19aren pandemiak baldintzatutako 2020-2021. ikasturteari aurre egiteko. Bihar hasiko da ikasturtea, modu presentzialean baina oso neurri zorrotzekin.

Batetik, eskolarako sarrera-irteerak txandaka egingo dituzte, mailen arabera antolatuta. Maila bakoitzak bere ordutegia eta topagunea izango du, Estaziño parkean zein Eguneko Zentroaren kanpoko aldean. Bakoitzari dagokion lekuan elkartu eta tutorearen laguntzarekin sartu-irtengo dira ikastetxetik.

Tenperatura, maskarak...

Eskolara sartu aurretik, tenperatura hartuko diete ikasle zein irakasle guztiei. Eta 6 urtetik gorako ikasle guztiek uneoro eraman beharko dute maskara jantzita, baita soinketa egiterako orduan ere. Maskara etxetik eraman beharko dute.

Eskolarako sarrera-irteerak moduan, jolas-orduak ere antolatu egingo dituzte eta baita komunerako joan-etorriak ere.

Bestetik, eguneroko eskolei begira, helburua da irakasleei dagokienez ere ahalik eta mugimendu txikiena egotea; hori lortzeko, eskola gehienak ikasgela bakoitzeko tutoreekin emango dituzte, gelatik irteteke.

Sintomak badituzte

Hirugarrenik, jangelari dagokionez, aurten, gomendioa da behar-beharrezkoa den kasuetan bakarrik erabiltzea. Besteak beste, jangela doazen ikasleek egun guztia pasatu beharko baitute maskara jantzita. Edozein moduan, jangela zerbitzua egon egongo da eta irailaren 9an hasiko da.

Azkenik, bestak beste, koronabirusaren kutsatzeak saihesteko edo kutsatze kasuetan zelan jokatu ere azaldu zieten gurasoei batzarretan.

Labur esanda, ezin izango da umea eskolara bidali COVID-19arekin bateragarriak diren sintomaren bat baldin badu: eztulka baldin badago, 37tik gorako kalentura baldin badu, beherakoa baldin badu…

Umeren bati aipatutako sintomaren bat eskolan agertuko balitzaio, isolatu egingo dute Musika gelan eta gurasoekin harremanetan jarri ondoren, etxera bidaliko dute. Ume horri PCR proba egiten badiote, etxean egon beharko du haren emaitza jakin arte. Hori bai, emaitza jakin bitartean, gainerako ikaskideek eskola ematen segituko dute.

Bestalde, umeren batek positibo emango balu, berrogeialdia egin beharko du, haren gurasoek ere bai eta baita ere osasun agintariek estutzat jotzen dituzten ume horren kontaktu guztiek.

Eskolan agertzen den positibo kopurua handitzen bada, berriz, neurriak zorroztu egingo dira, jakina. Gerta liteke ikastetxea itxi behar izatea ere. Edozelan ere, Hezkuntza Sailak erabakiko du kasuan kasu zelan jokatu beharko duten eta ez ikastetxe bakoitzak.

Bestelako agertokiak

Esandako guztia aplikatuko dute aurrez aurreko eskolak egin bitartean. Izan ere, pandemiaren garapenaren arabera, hezkuntza jarduerei dagokienez beste bi agertoki edo egoera eman litezkeela azpimarratu zuten: aurrez aurreko eskolak eta on-line hezkuntza tartekatu beharra edo bakarrik on-line hezkuntza egin beharra.

On-line hezkuntza jarduerarako nondik norakoen berri eman zuten gurasoen bileran; baina ez zen horrela izan on-line hezkuntza zein presentziala txandakatzearen gainean. Kasu horretan zelan jokatu zehaztea Hezkuntza Sailaren esku dago eta eskolako ordezkariek esplikatu zutenez, oraindik ez diete informazio hori helarazi.

Oro har, gurasoen artean kezka handia dago ikasturte berriarekiko; baina, aldi berean, pozgarria da ikasturtea modu presentzialean hasiko baita.

Aire zabaleko jarduerak

Hori bai, pandemia egoerak ikasleen hezkuntza prozesu egokia garatzeko ere zailtasunak sortzen ditu. Pertsonen arteko harreman faltak eskolako kideen arteko elkarbizitza mugatzen du, irakasle eta espazioak ez aldatzeak hezkuntza jarduera astunago edo intentsoago bat sortuko du...

Hala ere, egoera horiek gainditzen saiatzeko, Plaentxi Eskolako irakasle taldeak aurrelan handia egin du. Adibidez, ikasleekin landuko duten lehenengo erronka pedagokikoa baliatuta, ikasleen elkar ezagutza bultzatuko dute eta gainerako pertsonekin harremana mantentzearen garrantziaz gogoetak egingo dituzte.

Harremanetan ezarritako mugak apurtu ahal izateko, irakasle eta ikasle guztiek norbere aurkezpenak prestatuko dituzte eta gainerakoekin elkarbanatu, teknologiak eskaintzen dituen baliabideak erabili.

 

Horrekin batera, eskolaz kanpoko espazioen erabilera ohikoagoa egitea ere aurreikusi dute. Besteak beste, eskolan egongo den mugimendu falta horri aurre egiteko aire zabaleko jarduerak bultzatuko dituzte.