Soraluzeko AEK euskaltegiak martxan du 2020- 2021 ikasturterako matrikulazio kanpaina, eta, irailaren bukaera bitartean, epea zabalik izango dute euskara ikasi edo hobetu nahi duten guztiek. Aurten, Covid 19-a dela eta, garrantzi berezia hartuko dute online ikastaroek baina asmoa da eskola presentzialak ematen jarraitzea. Horretarako, segutasun neurri bereziak hartuko dituzte: ikasgeletan beharrezko segurtasun-tartea errespetatuko da, maskara jantzita egongo dira eta sarrera/irteeretan eskuak gel hidroalkoholikoaz garbituko dituzte.
Ikastaro eskaintza zabala
Urrian hasiko den aurtengo ikasturteari begira Soraluzeko euskaltegiaren eskaintza zabala izango da: eskolak euskaltegian, online ikastaroak, autoikaskuntza, barnetegiak, mintzapraktika taldeak...
- Ikastaro guztiak aurrez aurre edo autoikaskuntza metodoaren bidez.
- Hasiera mailako ikastaroak (A1, A2 mailak).
- Xede bereziko ikastaroak: B1, B2, C1 (EGA) eta C2 (On-line) mailak. Azterketa prestatzeko aukera.
- Titulua izanda berba egiteko erraztasunik ez dutenentzat Hobekuntza Taldeak eskainiko dira.
Azpimarratzekoa da, iaz bezala, aurten ere, Soraluzeko Udalak matrikularen kostu osoa (%100a) lagunduko duela diruz.
Izen-ematea
Izen-ematea egin edo ikastaroei buruzko informazioa lortzeko euskaltegira jo behar da (kiroldegian, liburutegiaren parean). Telefonoz deitu daiteke 943 75 14 34 zenbakira edo soraluze@aek.eus-era idatzi. Irakaslea astearte, asteazken eta ostegunetan izango da bertan, 18:00etatik 20:00etara. Izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da.