bideo elkarrizketa

"Parapentean hasi nintzenez geroztik beti zerura begira nago"

Egoitz Unamuno 2020ko abu. 23a, 10:10

Uztailaren 18an, Gorka Tornosek lehen postua lortu zuen Aretxabaletako Krutzebarri mendian jokatu zen Oinez eta Hegan Euskal Herriko III. parapente txapelketan. Bi aste lehenago, Espainiako txapelketan bigarren egin zuen Piedraitan (Gaztela eta Leon).

Gorka duela zazpi urte hasi zen parapentean eta gaur egun ahal duen guztietan aireratzen da. Elorrioko Larrano parapente taldeko kide da. 

Zelakoa izan zen txapelketa?

Euskal Herrikoa egten den hirugarren aldia da. Oinez eta Hegan-en txapelketaren modalitatea berezia da, hegan egitearekin batera korrika ere egin behar delako eta aireratzeko lekura oinez joan. Parapentean dihardugunak ez gara asko eta modalitate horretan askoz gutxiago. Eguraldi ona egin zuen, erraz aireratu nintzen…

Espainiako txapelketan ere bigarren egin zenuen?

Bai. Aste guztian lehenengo joan nintzen eta azkenengo egunean akats batengatik bigarren postura pasatu nintzen, baina ondo. Estatu mailako piloto oso onak joaten dira eta baita Frantziatik eta Portugaletik ere bai.

Garaipena lortzeak ze garrantzi dauka zuretzat?

Animatu egiten nau parte hartzen jarraitzera. Azkenean da hegan egitea, gozatzea eta ondo pasatzea. Ez daukat helbururik. Helburua helmugara heltzea da.

Gustatzen zaizu konpetitzea?

Ziurtatzen dizu leku eta baldintza onak izango direla parapentean ibiltzeko eta horrekin batera aukera ematen dit leku ezberdinak eta parapentistak ezagutzeko.

Zenbat urte dira parapentean hasi zinela?

Zazpi edo zortzi urte. Xabier Arribillagarekin hasi nintzen Orduñan. Parapentean hasi nintzenez geroztik beti zerura begira nago.

Han goian bakea dago.

Bai, bakea eta gainera animali askorekin egiten dugu hegan. Saiekin asko egiten dugu hegan. Haiek ere gure moduan dabiltza, aire korronte beroekin altura hartu nahian, hegalak mugitu beharrik gabe. Gu ere horretaz baliatzen gara. Hori dela eta sai talde bat ikustean bertara joaten gara, azkarrago igotzeko.

Asko ibiltzen zara parapentean?

Ahal dudan guztietan. Whatsappean mila kontaktu ditut eta beti jarduten dugu iragarpenak komentatzen. Gero, asmatu egin behar da noiz eta nora joan. Beti urduri ibiltzen gara.

Zer moduzko lekua da Karakate parapenterako?

Karakaten despegea nahiko ondo dago eta aterrizatzeko ere bai. Baldintza onak badaude, egin daiteke Irukurutzeta aldera joan eta berriz mendi gainean lur hartu. Baina arazoa da baldintza onik ez badago, Elgoibar aldean lur hartu behar dela eta lehen han geneukan zelai pribatuan dagoeneko ezin dugu lur hartu. Orain beste zelai bat daukagu baina ez da oso… Hori askotan gertatzen da. Despegea lur publikoan eta aterrizajea lur pribatuan edo alderantziz.

Zurekin batera beste pertsonarik erabiltzeko aukerarik izaten duzu?

Bai. Larrano taldean daukagu bikoa eta noiz edo noiz erabiltzen dut baten bat. Zaila izaten da koinziditzea; denok ahal izatea, baldintzak...

Udarako planik bai?

Bai, Aierrera joan nahi nuke Kataluniara, han estatuko liga nazionala jokatuko delako eta Lajarrera ere bai, hegoaldera. Alpeetara ere joango dira beste lagun batzuk eta hara ere joan nahi nuke. Neska ere parapentean ibiltzen da eta ez daukagu arazorik asteburuetako planak egiteko. Kar kar kar!