Pagobedeinkatuko gurutzearen joan etorriak

Egoitz Unamuno 2020ko abu. 13a, 14:58
Pagobedeinkatuko mugarria gurutzerik barik. Argazkia: J.L..

Uztailean J.P.B. herritarrak argazkia bidali zuen Plaentxia.eus-era, esanaz Pagobedeinkatun gurutzea falta zela. Ramon Gallastegi zinegotziak jakinarazi du gurutzea udaletxean dagoela.

Iazko abuztuan Udalak konpontzera bidali zuen gurutzea, egun batzuk lehenago okertuta bilatu eta gero. Ondoren, Udalak abenduan berrezarri zuen gurutze berritua, eta bertan izan da uztailean herritar batek askatuta ikusi eta udaletxera eroan zuen arte. "Pentsatzen dugu beor zaldiren batek bultza eginda askatu zuela", azaldu du Ramon Gallastegi Landa garapen eta ingurumen zinegotziak. 

Gurutzea datozen hilabeteotan berrezarri nahi dute baina aurretik mugarri lanak egiten dituen harria aldatu eta berria jartzeko aukera ari dira aztertzen, orain dagoena zartatuta dago eta.