Futbol zelaiko zaindaria

Ubane Madera Zangitu 2020ko abu. 3a, 09:05
'Fali' Tajuelo futbol zelaiko tabernako mahai batean.

“Futbol-zelaia sekula ez da horren ondo zainduta egon”. Azken boladan, herrian sarri antzean entzuten den esaldia da hori. Futbol-zelaiaren "zaintzailearen" berri jakin nahi duenak, bertara igo eta edozeinek aurki dezake hantxe Fali (Rafa Tajuelo, Altsasu, 1970), egunero-egunero. 

Tajuelok bi urte daramatza futbol-zelaiko mantenu-lanak egiten. Sorako zuzendaritzan parte hartzen hasi zen eta futbol zelaiko mantenuaz arduratzen bukatu zuen. Instalazioak zaindu eta apurtzen den guztia konpontzen ahalegintzen dela dio. “Egunero begiratu behar da zerbait falta den. Nik zaindu egiten dut, ahal dena nik neuk konpontzen dut, ezin badut, abisua ematen dut”.

Hori guztia doan egiten du, gainera, GOLen duen lanpostuko orduetatik aparte; berak, ordea, gustura asko egiten du. "Asko konpentsatzen dit, herriarendako delako. Denok egingo bagenu halako zerbait, guztia hobeto egongo litzateke", dio altsasuarrak duda izpirik gabe.

Garbiketak eta taberna

Doako lanez gain, Tajuelok ordainpekoak ere egiten ditu futbol zelaian. 

Batetik, entrenamenduen eta partiduen ondoren, aldagelak garbitzen ditu. 

Bestetik, futbol-zelaiko taberna alokatu zion Sorari orain dela lau urte. Denbora gehien egin duena da bera: "Inork ez zuen etorri nahi. Tabernan gehien iraun duenak hiru urte egin ditu. Asko, urtebetea egin eta joan egin dira. Niri, berriz, jendeak 
esaten dit gustura dagoela, fitxajerik onena naizela (barre)".  

COVID-19a dela eta, azken astean taberna itxi behar izan duten arren, -bertan lanean egon zen gazte batek positibo eman zuelako- azken hilabeteotan bultzada nabarmena eman diote bai tabernari zein taberna inguruari. Izan duten bezero igoera ikusi besterik ez dago.

Egun eta ordu gehiago zabalik 

Falik kontatu du neguan hasi zela taberna indartzen: "Hasieran, zapatuetan eta domeketan zabaltzen genuen, partida zegoenean bakarrik. Bigarren urtean, berriz, astelehen arratsaldeetan ere zabaltzen hasi nintzen, Futbol Eskolakoengatik. Hori oso ondo hartu zuten, orain zabaltzen ez dudanean bronka (barre). Asteburuetan, 08:00etan hasten gara lanean. Partidua 10:00ak baino lehen bada, berriz, 07:30erako. Izan ere, jendeak asko estimatzen ditu tortilla eta txorizo egin berriak, salda… Kalitatezko generoa ematen ahalegintzen gara".

Konfinamenduaren amaieratik, beste ahalegin bat egin, eta taberna arratsaldero zabaltzen dihardu. Oraingo itxiera bukatzen denean ere, hala segituko dute. Gero ohikora bueltatuko da: "Denboraldia hastean astelehen arratsaldeetan zabalduko dugu eta asteburuetan partidak daudenean. Neguan hotz handia pasatzen da, ez dago argindar potentziarik berogailurako…” Kontuak kontu, Tajuelok eta familiak futbol-zelaian segituko dute, orain arte moduan zaintzen, "joateko esan arte edo aspertu arte".