Atxotegik eta Gallastegik finala jokatuko dute Euskal Herriko pala txapelketan

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 31a, 10:33

Bihar, zapatua, Oiartzungo XXXVII. Pala Txapelketaren finalak jokatuko dituzte. Lehiatuko diren bikoteen artean, Aitor Atxotegi eta Jon Gallastegi ere izango dira. Bigarren mailako lehiaketako finala jokatuko dute soraluzetarrek. Euskal Herri mailako pala txapelketa da Madalensoro pilotalekuan jokatuko dena. 

Zapatuan, Atxotegik eta Gallastegik Beloki-Eskudero bikote andoaindarraren kontra jokatuko dute Euskal Herriko XVI. Pala Txapelketa Irekiko finala. Atxotegik esandakoaren arabera, “partidu zaila” izango da, kontrako bikotea urte askoan ari baita palan jokatzen; eta nahiz eta Atxotegik palan bikote duen Gallastegik ere urte askoan jardun, Atxotegirendako lehen txapelketa izango da. 

Hori bai, “behintzat, gogoz” jokatuko dute partidua, finala izateaz bat, azken boladan jokatu den eta jokatuko den partidu bakarrenetarikoa izango da-eta. “Berez, konfinamenduaren aurretik izan behar zen; ligaxkako partiduak jokatu genituen, eta bertan behera gelditu zen. Orain, antolatzaileek erabaki dute segurtasun neurri zorrotzak beteta aurrera egitea, eta aurrera jarraituko duen txapelketa gutxienetakoa izango da berau”, esplikatu du.

Gainera, ikusleak bertaratu ahal izango dira biharko partidura, noski, dagozkien segurtasun neurriak beteta.