basoa elkartearen hitzaldia

“Administrazioak indar gehiagoz parte hartu behar luke basogintzaren krisian”

Egoitz Unamuno 2020ko uzt. 20a, 12:00

Eguaztenean, Fernando Otazua eta Juan Carlos Berraondo Basoa Elkarteko zuzendari eta presidenteak ordu eta erdi inguruko hitzaldi mamitsua eskaini zuten antzokian. Bertan, basogintzarekin lotutako gai ugari izan zituzten hizpide, besteak beste: Gipuzkoako baso jabeen elkartearen ekimen nagusiak, banda marroiak basogintzan eragin duen krisi egoera, dirulaguntzak, espezie alternatiboak (tartean, eukaliptoa)… Administrazioari “ezohiko neurriak” eskatu zizkioten “ezohiko egoerari” erantzun ahal izateko.  

Eguazteneko hitzaldian, berrogeiren bat lagun batu ziren antzokian, tartean, udal-ordezkariak, lur-jabeak, eta naturzaleak; erdiak inguru herrikoak eta gainerakoak kanpotik etorritakoak.

Hitzaldian basogintzarekin lotutako gaiak izan zituzten hizpide, eta insignis pinua

ren alternatiba diren espezieen eta berlandaketarako dirulaguntzen berri azaltzerakoan baino ez zuten aipatu eukaliptoa. Hizlarien esanetan, hitzaldia ez zuten antolatu aurretik herriko naturzale talde batek eukalipto landaketen kontra abiatu zuen ekimenari erantzuteko, baizik eta herrian elkarteak dituen hamabost bazkideetako batek eskatu zuelako. Dena den, hitzaldiaren ostean galdera-erantzunetarako tartea ireki zutenean, eztabaida nagusia basogintza ereduaren eta, batez ere, eukaliptoaren, ingurukoa izan zen.

90 milioi euroko galera

Basoa elkarteko zuzendariak azaldu zuenez, 2019an elkartea lanez “gainezka” ibili da banda marroiak eragin duen egoera dela eta, baso jabeek egin dizkioten “eskaerei erantzun ezinez”. Izan ere, 2014an gaixotasuna hedatu zenetik, 2018koa izan zen onddoak gogorrenen eraso zuen urteetako bat eta ondorioz, iaz lurjabe askok eskatu zuten pinudiak neurtzea, ondoren bota ahal izateko.

Elkartearen egindako kalkuluen arabera, pinuaren gaixoa hedatu zenetik, Gipuzkoan basogintzaren sektoreak 90-110 milioi euro inguruko galera jasan du, eta horren aurrean, Aldundiari eta Jaurlaritzari ezohiko baliabide eta neurriak eskatu dizkioten arren (diru partida bereziak, fungizida bidezko tratamendua, krisi mahaia…), etsipenez adierazi zuten orain arte ez dutela “ezer lortu”. “Ezohiko arazo batek ezohiko erantzuna behar ditu baina orain arte administrazioek ez dute halakorik egin”, adierazi zuen Berraondok.

Elkarteak ohartarazi zuenez, basogintzaren errentagarritasun ekonomikoa kolokan dago eta ondorioz, belaunaldi berrien erreleboa ere bai. “Gero eta gehiago dira lurrak abandonatzen dituzten jabeak, berrogei urteko itzulpen epea duen inbertsioa ez delako erakargarria”. Horren aurrean, elkarteak basoen kudeaketa modu bateratuan egin eta saldu ahalko litzatezkeen partizipazioen bitartez merkaturatzea proposatzen du, “inbertsioa sozializatu ahal izateko”. Horrekin batera, gaur egun errenta iturri “bakarra” den egurrarekin batera “CO2 eta biodibertsitatearen aldetik basogintzak gizarteari egiten dion ekarpena” koantifikatzearen alde agertu dira, horrela “egur ekoizpenera bideratzen ez diren basoei ere balio eta errentagarritasun zehatz bat eman ahal izango litzaiekelako”. 

Horrekin batera, baso jabeen elkarteak jabeen eskubide eta betebeharrak jasoko lituzkeen estatutu bat eratzeko lanean dihardu, basogintzaren jarduna arautu eta fiskalki laguntzeko bideak ireki litzazkeen itxaropenez.

Insignisaren ordezko espezieak, tartean, eukaliptoa

Gaixotasuna dela eta, Insignis pinua, azken hamarkadetan Gipuzkoan basogintzako espezie “izarra” izan dena, jada ez da landatzen. Haren ordez, orain, lur jabeak beste espezie batzuk ari dira landatzen. Koniferei dagokienez, gehien aukeratzen diren espezieak ondorengoak dira: itsas-pinua, “Frantziako Landetatik ekartzen da, genetikoki eraldatua”; Criptomedia Japonica, “lur ez oso aberatsetan ere ondo hazten den japoniar jatorriko zuhaitz mota”; sekuoia, “hazkunde ikusgarria duen zuhaitza”; akazia, “egur oso ona ematen duen espeziea, lehen kendu ezinik ibili eta gero, orain, gero eta gehiago, hazten laguntzen zaiona”; Douglas abetoa, “banda marroia bezain gaixotasun larria ez duen arren, onddo batek eraso egiten dio eta landarea ahuldu egiten du”; eta eukaliptoa, “eucalipto nitens motakoa, batez ere papera ekoiztera bideratzen da eta orain prezio ona du”.

Eukaliptoaren ontasunak

Otazuak aitortu zuen eukaliptoak kontrako iritzi asko sorrarazten dituela baina bere ustez “dena ez da negatiboa”: “Galizian asko landatu da eta talde batek egindako azterketak dio hogeita hamar urteko eukalipto basoetan txoriek kabiak egiten dituztela eta eukaliptoak neguan ematen duen lorea lagungarria da erleentzat, neguan jaten ematen dielako. Gainera, hogeitamar urteko eukaliptoen egurra serrarako erabili ahalko litzateke, gero eraikuntzan edo altzarigintzan erabiltzeko”. 

Hosto zabaleko zuhaitzak

Koniferez gain, hosto zabaleko zuhaitz moten landaketak ere aipatu zituen: gerezia, pagoa, baso mixtoa… 2019ko datuen arabera, hosto zabaleko zuhaitzen landaketak nabarmen hazi dira Gipuzkoan, azken urteotako datuak bikoizteraino. Horrekin batera, bere horretan lagatako basoak ere gero eta gehiago direnez, bertako berezko zuhaitzez osatutako basoen kopurua ere gorantz doa.

Dirulaguntzekiko kexu

Azkenik, Otazuak basoak berlandatzeko dauden dirulaguntzen inguruko informazioa eman zuen. “Aldundiak hektareako 3.000 eurora arteko laguntzak ematen ditu, baina orain, lehen ez bezala, zuhaitzak bota eta lursailak berlandatu ostean bakarrik eskatu ahal izaten dira laguntzok, inbertsio guztia egin eta gero”, adierazi zuen. Horrekin batera, Otazua kexu azaldu zen eukalipto-landaketak ez direlako diruz laguntzen: “gero eta lursail gehiago gelditzen dira birlandatu barik eta eukalitoa sartu ezkero ez dago laguntzarik. Ematen du zigortu egiten dela eukaliptoa sartzea eta horrek ez du ematen oso logikoa”.  

Eztabaida galdera-erantzunen tartean

Hitzaldia amaitu ostean, hizlariek galdera-erantzunen tartea ireki zuten eta berehala publikoko hainbat pertsonek hartu zuten hitza, hainbat gai mahaigaineratzeko, besteak beste: basogintzaren ekoizpen eredua, lursailen erantzunkizun zibilaren gaineko legedia eta eukaliptoa. Eztabaidarik beroena eukaliptoaren gainekoa izan zen. Hainbat herritarrek salatu zuten zientifikoki frogatua dagoela eukaliptoa landatzeak biodibertsitatea eta lurraren aberastasuna kaltetzen duela, eta ondorioz, eukaliptoaren alde egitea Basoa Elkarteak bere egiten duen Helsinkiko adierazpenaren (basoen jasangarritasunaren) aurkakoa dela. Ostera, Basoa Elkarteko ordezkariek eta ikusle gisa egon ziren beste zenbait basojabek adierazi zuten badirela adituak kontrakoa diotenak eta eukaliptoaren inguruan “ezezagutza eta mito asko” dagoela.