Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020

Unai Larreategi (EH Bildu): “EH Bildurekin gero eta gehiago kontatu beharra dago”

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 13a, 10:54

Unai Larreategi bilkideak “oso ondo” baloratu ditu koalizio abertzaleak atzo lortu zituen emaitzak, are gehiago, abstentzioa horren altua izan den honetan. Larreategik uste du “nahiko argi” ikusten dela “EH Bilduk politikan gero eta presentzia handiagoa daukala”. Hori bai, kezkaz begiratzen dio abstentzio altuari. Gainerako alderdiek izan duten boto galerari ere erreparatu dio. 

Ia bi pertsonatik bat botoa emateke geratu den honetan, Unai Larreategi EH Bilduko bozeramaleak balio handiagoa eman dio EH Bilduk eskuratutako boto kopuruari, atzoko hitzorduan 2016koan baino boto gehiago eskuratu baititu. “Datuek esaten dutena da EH Bilduk mahai gainean ipini duen aukera hainbatek gustuko izan duela”, esan du.

Larreategik gaineratu du, emaitzak ikusita, “nahiko argi” ikusten dela “EH Bilduk politikan gero eta presentzia handiagoa daukala”, eta uste du ingurukoek EH Bildurekin “gero eta gehiago” kontatu beharra dutela. 

Jendearen ongizatea

Aurrera begira jarrita, berriz, EH Bilduko ordezkariak uste du alderdi politikoen indarrak “gauzak txukun” egiten jarri behar dituztela: “Egongo da premia datozen garaietan gauzak txukun egiteko, jendearen ongizatearengatik, beraz, indarrak hor jarri behar ditugu, batak zein besteak”.