Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020

Mahai bakarrak gainditu du %50eko parte-hartzea (19:15ean)

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 12a, 19:34
Aita-semeak botoa ematen, iluntzean.

Hauteskunde-mahaiak ixteko ia ordubete falta denean, hauteskunde-lekuko mahai bakarrak gainditu du %50eko parte-hartzea: Ezozibide-Gabolats-Arraikua inguruko mahaiak, %57,8ko parte-hartzearekin. Gainerako mahai guztietan, %50etik beherako parte-hartzea egon da, oraingoz. Hori bai, posta bidezko botoek bestetan baino pisu handiagoa izango dute.

Laster itxiko dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde-mahaiak. Ezusteko barik, herritarrak normal ari dira botoa ematen. Orain arte, bestetan baino mugimendu txikiagoa egoten ari dela kontatu dute hauteskunde-mahaietako kideek. 

Hori bai, normalean, azkeneko momentuan jende nahikotxo bertaratu izan da botoa ematera, eta gaur ere halaxe da. Gainera, hitzordu honetan posta bidezko botoek bestetan baino pisu handiagoa izango dute. Beraz, amaieran, parte-hartzea handitu egingo da apur bat.

Mahairik mahai

Mahairik mahai, honakoak dira 19:15ak bitarteko parte-hartze datuak.

  • 1.A1 mahaia (erdigunea): 247 boto / %49
  • 1-B1 mahaia (erdigunea): 221 boto / %46,6
  • 1-U2 mahaia (Gabolats, Ezozibide, Arraikua…): 406 / %57,8
  • 2-A1 mahaia (Txurruken, Errekalde…): 256 boto / %45
  • 2-B1 mahaia (Txurruken Errekalde…): 210 boto %47

Zortzi puntu behetik

Gipuzkoako parte-hartzearekin alderatuta, Soraluzekoa altuagoa da, oraingoz. 17:00etako datuen arabera, Gipuzkoan 8 puntu jaitsi da 2016ko hitzorduarekiko, eta parte-hartzea %36,67 izan da. Euskadin, berriz, ordu bereko datuen arabera, parte-hartzea izan da %36,02, kasu horretan ere 8 puntu baxuagoa.