Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020

Zuzeneko parte-hartze txikiagoa, posta bidezkoa askoz handiagoa

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 12a, 14:19

Apurka-apurka, ari da jendea botoa ematen. 13:00ak arteko datuen arabera, zuzeneko parte-hartzea txikiagoa izaten ari da azken hauteskundeekin -azarokoekin- alderatuta. Posta bidezko boto kopurua, ordea, nabarmen handitu da; mahai gehienetan bikoiztu egin da, eta mahairen baten hirukoiztu ere egin da. Oro har, botoa emateko eskubidea duten herritarren %25ak eman du dagoeneko botoa.

Eguerdi partetik aurrera, ilarak sortzen hasi dira hauteskunde-lekuan. Kasurik gehienetan, hauteskunde-mahaien aretoen kanpoko aldean itxaron behar izan dute herritarrek; hori bai, behin, kiroldegi kanporaino ere iritsi da ilara. 

Hala ere, 13:00ak bitarteko datuen arabera, zuzeneko parte-hartzea ia %25eraino iritsi da. Azken hauteskundeetan, Espainiakoetan, berriz, 14:00etan parte hartzea %40 pasakoa izan zen.

Mahairik mahai

Beraz, orain artekoaren arabera, jaitsi egin da hauteskunde-lekura zuzenean bertaratzen ari den boto-emale kopurua. Aldiz, nabarmen handitu da posta bidez botoa eman dutenena, mahai gehienetan bikoiztu egin baita, eta mahai batean, baita hirukoiztu ere.

Mahairik mahai, hona hemen parte-hartze datuak -13:00ak arte-:

  • 1.A1 mahaia (erdigunea): 150 boto / %29,06
  • 1-B1 mahaia (erdigunea): 109 boto / %22,99
  • 1-U2 mahaia (Gabolats, Ezozibide, Arraikua…): 220 boto / %27,36
  • 2-A1 mahaia (Txurruken, Errekalde…): 141 boto / %24,91
  • 2-B1 mahaia (Txurruken Errekalde…): 103 boto %18,93
  • Guztira: 723 boto / %24,89

Bestalde, bertaratu diren hainbat herritarri galdetuta -nagusiak barne- kontatu dute pandemiak pandemia, “beldur barik” joan direla botoa ematera. Bi nagusik jakinarazi dute, adibidez, “Francok botoa ematen laga” zienetik kale egin barik joan direla botoa ematera, baita gaur ere, noski.   

Gipuzkoa eta EAE

Lurraldeari, Gipuzkoari dagokionez, berriz, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera -12:00ak arteko datuak-, Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetan, parte-hartzea %17,53 izan zen; gaur, berriz, %15,48 izan da. Eta Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016an %15,40 izan zen eta gaur, berriz, %14,14 izan da.