Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020

Goiztiarrenek eman dute botoa, segurtasun neurri artean

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 12a, 10:36

Soraluzetarrak hasi dira botoa ematen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan,  COVID-19ak baldintzatutako gaurko hitzordu honetan. Mahaiak eratu direnean, ekaitz bortitza izan da; ondoren euria. Pandemiak eta eguraldiak eraginda, oraingoz, lehen ordubete honetan, mahai bakoitzeko hogeina bat lagun bertaratu da botoa ematera, bestetan baino gutxiago.

Gaur, ohi baino segurtasun neurri zorrotzagoak zainduta ari dira botoa ematen herritarrek. Hauteslekura sartu aurretik, derrigorrean, gel hidroalkoholikoarekin eskuak garbitu behar dira; udaltzainak daude zeregin horretaz ohartarazten. Noski, musukoa jantzita eraman behar da uneoro. Botoa emateko, berriz, Nortasun Agiria erakutsi bai, baina hura ezin dute ukitu hauteskunde-mahaietako ordezkariek. 

Bestalde, jende pilatzeak ekiditeko, batetik, lurrean marra bitartez dago adierazita zein den pertsonen artean gorde beharreko segurtasun distantzia. Bestetik, hauteslekura kiroldegiko goiko sarreratik sartu behar da, betiko moduan; baina irteteko, Gaztelupeko terrazara ematen duen larrialdiko atea ari dira erabiltzen; hori ere lurrean egindako marka bidez dago adierazita. 

Azkenik, hautesleku bakoitzean, asko jota bi boto-emaile egon ahal dira batera, gainontzekoek kanpoan itxaron beharko dute, ilaran. Dena den, lehen orduan, behintzat, ez da ilararik sortu. Botoa ematera joan direnek, berehala eman ahal izan dute botoa.

Ordezko asko

Hauteskunde-mahaiak eratzeari dagokionez, berriz, ezusteko bat zein beste izan dute. Mahai gehienetan dago ordezko bat edo gehiago, mahaian egotea tokatu zaion titularra agertu ez izanagatik. Kasu gehienak jakinekoak ziren, beraz, ordezkoak mahaian egotea tokatu zaien jakitun ziren. 

Hori bai, mahaietako batean, mahaiko presidentea ordezkoa da, eta lehen bokala, laugarren ordezkoa. Kasu horretan, bokala izendatzeko birritan egin behar izan dute zozketa. Beste mahaietako batean, berriz, ordezkoak okupatu behar izan du titularraren lekua, ezustean, titularra ez delako gaur goizean azaldu. 

Deigarria da, baita ere, alderdi politikoen ahaldun –apoderado- kopurua. Orokorrean, ohi baino gutxiago daude gaurkoan. EAJko ordezkari bana dago mahai bakoitzeko; EH Bilduko bi ordezkari daude mahai guztietarako -“egoera berezia baita”, euren esanetan- eta lehen orduan, behintzat, ahaldun sozialista bat azaldu da, baina ez da mahaietan geratu.

Bestalde, lehen orduko ekaitzaren zaparraden ondorioz, ura sartu da kiroldegira, larrialdietako atepetik. Area bota dute bertara. Oraingoz, horiexek izan dira gertatu diren anekdotarik aipagarrienak.