COVID-19ak markatutako hauteskundeak, domekan

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 10a, 09:38
Herritarrak botoa ematen, udal hauteskundeetan.

Domekan, azken urteotako hauteskunderik ezohikoenak egingo dira. Soraluzen, 2.904 lagunek dute botoa emateko eskubidea, eta bestelako hauteskundeetan moduan, oraingoan ere kiroldegian izango dira gertu hautetsontziak. Hortik aurrera, bestelako hitzordu batzuekiko desberdintasun handiak izango dira, segurtasun neurrien ondorioz. Soraluzeko hauteskunde egunaren eta gauaren jarraipen zuzena Plaentxia.eus atarian egingo da.

Domekan, Eusko Legebiltzarreko 75 jarlekuak zein alderditako ordezkariek beteko dituzten erabakitzeko hauteskundeak egingo dira. Domekakoak COVID-19aren ondorioz ezarritako segurtasun neurriek baldintzatutakoak izango dira.

Neurri horien artean, jende pilaketak saihesteko hainbat izango dira. Adibidez, soraluzetarrak kiroldegiko ohiko sarreratik sartuko dira hauteslekuetara; irten, berriz, larrialdietarako ate berritik irtengo dira, Gaztelupeko terrazara. Hauteskunde-mahaietan, asko jota, boto-emaile bat eta kabinan beste bat egongo dira. Gainerakoek kiroldegi kanpoan egon beharko dute itxaroten. 

Lehentasuna

Hauteskunde-mahaietako kideei dagokienez, elkarren artean 1,5 metrora egongo dira; botoa ematera doazen herritarren arteko distantzia gordetzeko lurrean markak egingo dira; ilarak sortzen badira, hautesle zaurgarriak (65 urtetik gorakoak edo haurdun dauden emakumeak) lehenetsiko dira, hauteskunde-mahaietan ahalik eta denborarik gutxien igaron dezaten; aireztatuta egongo dira hauteslekuak eta mahaiak, boto-kutxak eta kabinak tarteka garbituko dira, baita komunak eta sarri ukitzen diren bestelako gainazalak ere; hauteslekurako sarreran nahiz mahaietan gel hidroalkoholikoa egongo da, baita zakarrontziak ere. Horrez gain, hauteskunde-mahaiak ixten direnean, lokalak garbitu eta desinfektatuko dira.

Soraluzen, EH Bildu

2016an egin ziren Eusko Legebiltzarrerako azkeneko hauteskundeak. Soraluzen, EHBildu koalizioak eskuratu zituen boto gehien, boto guztien %36,06. Bigarren izan zen EAJ, botoen %31,76arekin; hirugarren PSE-EE, botoen %13,24arekin ; laugarren Podemos, botoen %10,21arekin eta bosgarren PP, botoen %5,80arekin. 

Euskadin, EAJ-PNV

Euskadin, berriz, EAJk eskuratu zituen boto gehien, botoen %37,60. Bigarren izan zen EH Bildu, botoen %21,26arekin; hirugarren izan zen Podemos, botoen %14,86arekin eta laugarren, PSE-EE botoen %11,94arekin, bosgarren PP, botoen %10,18arekin eta Ciudadanos seigarren, botoen %2,03arekin. Gogoan izan beharra dago, besteak beste, azken bi alderdi horiek elkarrekin aurkeztu direla domekako deialdira.