Eduardo Zubiaurre: "Eskualdean testuinguru aproposa jartzen badugu etorkizuna izango dugu"

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 8a, 14:04

Eduardo Zubiaurre. Argazkia: Foku.

Eduardo Zubiaurre (Eibar, 1962) Confebaskeko presidentea da. Debabarreneko alkateek eta Basque Precision Technology District (BPTD) Enpresa Elkarteak Debabarreneko Industriaren aldeko ituna sinatu zuten ekainean, Debegesaren egoitzan, Eibarren. Enpresa-sare lehiakorra eta jasangarria sustatzen duen eskualdea sortzea du helburu itunak, Debabarrena eta industria distrituko lankidetza sustatuz. 

Debegesan sinatu zenuten itunak eta manifestuak dioen moduan, gure bailara, Debabarrena industriala da, eta izaera horri eutsi nahi zaio. Eskualdearen egoera ekonomikoa, ordea, ez da batere ona, eta koronabirusaren krisarekin nabarmen okertu da. Bideragarria da eskualdearen etorkizun industriala? Zela? Non eta nork eragin beharko luke?

Gure ekimen hau sortu zen ardura batetik. Horren baitan zeuden bi arrazoi: batetik, eskualdeko datu sozioekonomikoak ez zirela onak, adibidez, langabezia beste eskualde batzuetan baino altuagoa zela. Baina gure ardura nagusia zen aurreko krisian galdutako hainbat enpresa, eta gehienbat, ehun industriala ez ginela berreskuratzeko gai izan.

Ikusten ari gara distritu edo eskualde bezala indarra galtzen ari garela hiriguneekin alderatuta, batik bat, Bilbo eta Donostia inguruekin

Eskualdean eta inguruan, guk distritua deitzen diogun eremu honetan, baditugu indarguneak, enpresa lehiakorrak, teknologiarekin lotutako enpresa asko eta indartsuak, makina erremintarekin, elektronikarekin, mekatronikarekin, robotikarekin… lotutakoak. Baina etorkizuna edukitzeko, hori guztia indartu, prestatu eta datozen erronketara egokitu behar dugu. Zentzu horretan, ikusten ari gara distritu edo eskualde bezala indarra galtzen ari garela hiriguneekin alderatuta, batik bat, Bilbo eta Donostia inguruekin. Kasu horretan, EAEren erdigunean egotea indargunea izan badaiteke ere, ahultasun bilakatu daiteke. Gure kasuan, galera nabarikoa dugu formatutako pertsonen kontratazioan eta inbertsio berrien, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren proiektuen eta unibertsitate gehienen (Mondragon Unibertsitatea izan ezik) kokapenean. Hori ikusita eta eskualdeko datu sozioekonomikoak aintzat hartuta sortu zen gure ardura; halaber, hortik sortu zen gure (enpresarion) ekimena. Bat egin genuen Debegesaren estrategia industrialarekin eta denon artean BPTD Enpresa Elkartea sortu genuen, asmo horri arnasa eta gorputza emateko. 

Oraingo egoera ekonomikoa gogorra da. Gipuzkoako enpresen %47ak aurkeztuta du ERTEa. Dagoeneko “normaltasun berrian” gaude. Hasi da argitzen etorkizun ekonomikoa? 

Erakunde gehienek diote, euren azterketen arabera, hiruhileko edo urte hau izango dela latzena, eta pandemia gainditzen hasten garen heinean ekonomia ere berreskuratzen joango garela. Denok ari gara hori sinisten, beraz, hortik dator enpresa-elkarteen mezua: erronka da horren egoera larrian dauden enpresa eta enplegu askori eustea, langabezia-tasa gehiago handitu ez ez dadin eta enpresak, susperraldia ematen denean, gertu egon daitezen hura ahalik ondoen aprobetxatzeko. Baina krisi hau ezezaguna da, oso larria, oso azkar etorri da eta zulo handiak sortzen ari da: jardueran, enpresen emaitzetan, erakundeen diru-bilketetan... agertoki berri batera goaz eta ezohiko neurriak hartu beharko dira arlo guztietan. 

Uste dugu aurten eta datorren urtean zorpetzea tokatzen dela

Zelako ezohiko neurriak? 

Mundu guztian hartzen ari dira, oso krisi globala da eta kaltea oso orokorra da. Krisiaren irteeran egongo dira aldeak eta irteera hori ahalik eta onena izan dadin uste dugu hartu beharrekoak direla jadanik beste herrialde batzuetan hartzen ari diren ezohiko neurriak. Guk Alemania jarri izan dugu eredu modura, gure egitura ekonomiko industrialak antzekotasunak dituelako eta han ere ezohiko neurriak hartzen ari direlako. Ildo horretatik uste dugu aurten eta datorren urtean zorpetzea tokatzen dela. Ezohiko zorpetze horri aurre egiteko, susperraldia hasi ondoren, fiskalitatean doikuntza batzuk egin daitezke, zorrak itzultzeko, eta horri esker, berriro ere, herri finantzak osasuntsuak izan daitezen. Alemaniak oraingo eta aurreko krisian, enpresen jarduera %30 baino gehiago jaitsi denean, laguntzak eman dizkio enpresari haren kotizazio soziala ordaintzeko eta jaitsiera horrekin lotutako soldataren zati bat ordaintzeko. Alemanian halako laguntzak oparoagoak dira, urtebetekoak. 

Zer erantzungo zenieke merkatu librea egoera erregulatzeko gauza ez ote den galdetzen duten horiei?  

Gure ereduak izan behar dira Alemania, Eskandinavia edo Austria

Merkatu librea, gure mundu garatuan, araututako merkatua da, Europan gehienbat. Sektore publikoak izugarrizko garrantzia dauka, batez beste izango da %40 Europan, eta herri batzuetan gehiago. Inor ez da esaten ari sektore publikoa behar ez denik, gertatzen dena da sektore pribatua dela hemen balio erantsia sortzen duena, berrikuntza sortzen duena, doikuntza sortzen duena eta erronkei aurre egiten diena. Normalean, sektore publikoak baldintzak, arauak... jarri behar ditu, birbanaketa garantizatu behar du, kohesioa, ongizatea eta abar; baina hori bakarrik egin daiteke sektore pribatuak bere lana egiten badu era jasangarri, ordenatu eta egokian bere balioa sortzen: enplegua sortu eta horren bitartez diru bilketak sorrarazi. Horrela herri administrazioak bitartekoak izango ditu. Herri garatuenetan horrela izaten da, eta horrela ez den tokietan ez dago garapenik, baizik ea txirotasuna eta sufrimendu handia. Uste dut ikasi behar dugula gauzak ondo egiten ari diren herrietatik eta gu ere bide horretatik goaz; nazioartean ez gara atzeratutako herri bat, gure eredua dugu, enpresa indartsuak, industria, lehiakortasuna... Gure ereduak izan behar dira Alemania, Eskandinavia edo Austria... non orekatzen diren sektore pribatu indartsuak eta sektore publiko indartsuak. Horrela giza kohesioa bermatzen dute. 

Eta sortzen den enpleguaren kalitatea zalantzan jartzen dutenei?

Konfiantzazko testuinguru batean lan egingo bagenu, askoz errazagoa litzateke kontratazio egonkorra areagotzea, baina horretarako behar dira arauak, konfiantza, lan-harreman malguak

Enpleguaren egoera beti dago lotuta enpresaren egoerarekin. Enpresa lehiakorra bada eta gai bada merkatuan ondo aritzeko, etekinak izan eta sarrerak bermatzeko, errazago izango du lan-baldintzak eta soldata altuak bermatzea. Enpresa lehiakorrik gabe ezinezkoa da ondo ordaindutako lanpostuak izatea. Uste dut gure herrian batez besteko soldatak estatukoak baino altuagoak direla eta hori dago lotuta enpesaren eta herriaren lehiakortasunarekin. Askotan, kalitatea lotzen da egonkortasunarekin. Alde horretatik, beste batzuekin alderatuta, egonkortasun txikiagoa dugu, baina iaz lortu genuen historian lortutako kontratu egonkor mailarik handiena. Gauzak hobetu daitezke, jakina, baina nik uste dut lotura handia dagoela gure araudiarekin eta gure lan-harremanekin. Denok konfiantzazko testuinguru batean lan egingo bagenu, askoz errazagoa litzateke kontratazio egonkorra areagotzea, baina horretarako behar dira arauak, konfiantza, lan-harreman malguak... egoera aldakorren aurrean enpresek erabakiak arin eta erraz hartzeko aukera izan behar dute. Hori egiterik ez badute, oso zaila da konpromisoak hartzea, norbere etorkizuna oso garbi ere ez dagoenean. 

Krisi honen ondoren kontratazioa egonkorra izatea ez da izango erraza, hori pixkanaka-pixkanaka lortzen joan beharko dugu. Beste herri batzuetara begiratuta. Hain zuzen, beste herri horietan modu egonkorrean kontratatzen dute gauzak aldatzen direnean, legeak eta lan araudiak. Baita ere eragile sozialekin beste mota bateko harremanak daudelako. Alemanian, Danimarkan, Eskandinavian... langabezia tasa baxuak dituzte, baina hori da arazoak daudenean neurri adostuak hartzen dituztelako: besterik ez dagoenean jendea kaleratzea... Leku horietako merkatua dinamikoa da eta kalean geratzen diren horiek azkar aurkitzen dute lan berria. Horretarako behar da lan-merkatu malgua, eragile sozialen arteko konfiantza duena eta erabakiak naturaltasunez har dezakeena. Hori, momentuz, hemen ez daukagu, eta hori erronka da.

Inguruko enpresa askok automozioarekin dute lotura. Zela ikusten duzu haien egoera?

Automozioan eskaria guztiz geldituta dago, etxetik irten ez garelako, eta oraingoaren moduko egoeretan kontsumoa jaitsi egiten delako. Renove Plana moduko ekimenak martxan jartzea ondo dago, dena da lagungarri eskaria pixka bat pizteko, baina denok aurreikusten dugu aurtengoa ez dela urte erraza izango sektore askorentzat eta automozioa tartean dago.

Bidegurutzean ere badago sektore hori.

 

Kotxe berriak badatoz, baina, momentuz, oso garestiak dira, ez dago ekoizpen oso handirik ere, kargatzeko sistema larregirik ere ez.. zalantzaz betetako sektorea da, guretzat oso garrantzitsua

Baditu mugikortasun jasangarriaren erronka eta beste hainbat. Aurretik ere eskaria pixka bat geldituta zegoen zalantza horiengatik, eta aldi berean, dituen erronkei aurre egin beharra dauka, beraz, ez zaio etorri krisi hau momenturik gozoenean. Gainera, automozioan asko esportatzen dute, beraz, mundu mailako tendentziak dira eta lehenagotik bazituzten erronkak orain bikoiztu, hirukoiztu... egin zaizkie. Eurek esaten dute datorrena dela iraultza bat eta etorkizuneko berebilak beste era batekoak izango direla, digitalizazio eta jasangarritasun handiagoa izango dutenak. Baina horretarako behar dena da erregulazio argiak, arau berriak... argi izateko ze epetan eta nola egin behar dieten aurre erronkei... sektorea dago kolokan, erregulazio eta presiopean, eta horrek ez du laguntzen epe motzean pertsonek euren kontsumo erabakiak segurtasunarekin hartzen, eta horrek eragina dauka sektorean. Sektorea egoera horretan zegoen aurretik eta orain dagoena da izugarrizko krisi ekonomikoa. Kotxe berriak badatoz, baina, momentuz, oso garestiak dira, ez dago ekoizpen oso handirik ere, kargatzeko sistema larregirik ere ez.. zalantzaz betetako sektorea da, guretzat oso garrantzitsua. 

Orokorrean begiratuta, berriz, zein neurri hartu beharko lirateke Debabarrena ekonomikoki suspertzeko? 

Behar da ekintzailetza, eta eskualde honetan, nahiz eta ekintzaileak izan, proiektuak garatzeko ekintzaileak beste leku batzuetara joaten dira. Hori zuzendu behar dugu

Uste dugu prezisiozko teknologien inguran etorkizuna egon daitekeela. Baina horretarako eskualdea itxuratu behar dugu, berriztu, erakargarriagoa egin, lurzoru, lokal eta eraikin egokiak eskaini, laguntzak bideratu proiektuak erakartzeko, heziketa zentro egokiak bultzatu, mugikortasuna landu… Testuinguru aproposa jartzen badugu etorkizuna izango dugu. Hori ez da epe motzean lortzen, epe ertaineko estrategia behar da, eta gero, ekintzak eta ekimenak martxan jarri, proiektu eta industriak hemen gera daitezen, berriak sortu edo etorri daitezen. Behar da ekintzailetza, eta eskualde honetan, nahiz eta ekintzaileak izan, proiektuak garatzeko ekintzaileak beste leku batzuetara joaten dira. Hori zuzendu behar dugu. Gainera, dugun egoera ez da positiboa. Guztiaren kontziente izanda, ditugun indarguneen gainean eraiki behar dugu etorkizuna. Orain egiten ari garena hurrengo belaunaldiak aprobetxatuko du.

Hirigintzan, eredurik onena Bilbo da

Hirigintzan, adibidez, eredurik onena Bilbo da. Duela 30-40 urteko Bilbok ez du zerikusirik oraingorekin. Hor egon da bisio ba, egon dira lan-ildo estrategikoak eta lankidetza publiko-pribatuak, eta, urtez urte lanean, lortu dute beste hiri bat berreraikitzea, etorkizunera zuzendutako hiria. Hori da gure eskualderako behar duguna. Industrialak gara, industrialak izatea nahi dugu baina industria berri batera egokitu behar gara: digitalizazioa, jasangarritasuna, kudeaketa, pertsonen parte-hartzea... dira gaur egungo industriaren erronkak eta hor egon behar dugu, baina horretarako behar dira laguntzak, ekimenak, heziketa, lankidetzak, erraztasunak, tokiak... horiek dira hurrengo urteetan prestatu behar ditugunak. Euskal Autonomia Erkidegoaren erdian eta leku guztietatik gertu egotea abantaila izan daiteke abantaila baina baita izugarrizko mehatxua ere; izan daiteke proiektuak eta jendea erakartzeko indargunea baina hemen ezer egokia eskaintzen ez badugu bertakoak alde egiteko egoera ere izan daiteke.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.