Debabarreneko industria eredua berpiztearen aldeko manifestua sinatu dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 11a, 12:19
BPTDko eta eskualdeko hainbat udaletako ordezkariak, Debegesako egoitzan.

Gaur goizean, eguena, BPTD Enpresa Elkarteko ordezkariek eta Debabarreneko hainbat alkatek ituna sinatu dute, eskualdeko “industria-eredua berpiztearen alde" egiteko, "enpresa-sare lehiakorra eta iraunkorra sustatzeko helburuarekin" eta "garapen industriala bultzatzea lehenetsiz". Debegesaren egoitzan egin dute sinatze-ekitaldia, eta bertan izan dira, besteak beste, BPTDko eta Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurre eta Iker Aldazabal alkatea, Debegesako ordezkari modura. 

Gaur goizean, eskualdeko industria eredua berpiztea helburu duen manifestua sinatu dute BPTD Enpresa Elkarteko (Basque Precision Technology District) eta eskualdeko hainbat udaletako ordezkariek, Debegesa Garapen Ekonomikorako Elkarteak Eibarren duen egoitzan.

Ordezkari publiko-pribatuak

Bertan izan dira Soraluzeko alkate Iker Aldazabal, Eibarko alkate Miguel de los Toyos, Ermuko alkate Juan Carlos Abascal eta Mallabiako alkate Igor Agirre. 

BPTD Enpresa Elkartetik, berriz, bertan izan dira elkarteko presidente eta Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurre, elkarteko ordezkari eta Danobat Groupeko presidente Xabier Altzaga, elkarteko ordezkari eta Engranajes Ureta enpresako gerente Borja Emparan, BPTDko diruzain eta Urkotronikeko gerente Carlos Abad, Debegesako zuzendari nagusi Juan Angel Balbas eta Cristina Zumeta Debegesako enpresa eta berrikuntza saileko arduraduna eta BPTDko idazkaritza teknikoko arduraduna. 

Hitzarmena

Lau puntu dituen hitzarmena sinatu dute.

- BPTD Enpresa Elkartearen lankidetza-jarduerak babestea, eskualdearen eta industriaren alde.
- Eskualdearen industrializazio jasangarria indartzeko eta hobetzeko bokazioa areagotzea, klimaren aldeko errespetuz.
- Ahalegin publiko-pribatu horretan udalez gaindiko administrazioen parte-hartzea eskatzea, lurralde-oreka hobetu eta Debabarrenaren ahalegin eta bokazio industriala gehiago aitortzeko.
- Inguruko eskualdeekin elkar-hartzea lurralde-oreka ahalbidetuko duen estrategia ahalbidetzeko.  

Etorkizuna industriari lotuta

Iker Aldazabalek, Debegesako presidenteorde modura, azpimarratu du gaur sinatu den hitzarmena “hausnarketa prozesu luze baten ondorioa” dela, eskualdearen egoera kezkagarria abiapuntu hartuta egindakoa.

Aldazabalek esplikatu du distrituaren “izaera eta bokazio industriala” aintzat, hitzarmenaren bitartez, “eskualdea ikuspuntu industrialetik” bultzatu nahi dela, “elkarlan publiko-pribatua” indartuz; bestela esana, “sinergiak eta ahalegina partekatu” nahi dira eskualdearen izaera industriala mantendu eta haren etorkizunak industriari lotuta segi dezan.

Ildo beretik, Eduardo Zubiaurrek, BPTDko presidenteak azpimarratu du industria dela “gure oinarria” eta industria izanago dela “gure etorkizunaren gakoa”. Zubiaurrek garrantzia eman dio gaur sinatu duten itunari eta adierazi du eskualdearekiko dagoen “arduraren” ondorioa dela. Gogora ekarri du ardura horri erantzun nahian sortu zela, justu, BPTD Enpresa Elkartea orain dela urtebete, eta harrezkero ari direla “distrituko etorkizun industriala bideratu” nahian, “dauden arazoei” aurre eginez.

Baldintza "erakargarriak" 

BPTDko presidenteak azpimarratu du “egoera iluna” izan arren, “aukerak” egon badaudela, eskualdeak badituela "indargune" esanguratsuak, baina gaineratu du “lana” egin beharra dagoela, “saretu” egin beharra dagoela eta “baldintza egokiak eta erakargarriak” sortu, “enpresariek eta ekintzaileek Debabarrena aukera bezala” ikus dezaten. 

"Badaude aukerak"

Bide horretan, Zubiaurrek “estrategia komuna” defendatu du, “erraztasunak” eman behar direla esan du eta “finantzazioa landu” egin behar dela. Halaber, beharrezko ikusten du eskualdetik harago ere “elkarlanerako sareak” sortzea. “Egoera zaila da, baina badaude aukerak. Ea guztion artean lortzen dugun enplegua sortzea eta enpresak ez desagertzea”, esan du Jaz Zubiaurre enpresako zuzendari-gerenteak.