Udalbatzarrak aho batez onartu du eukaliptoaren kontrako mozioa

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 3a, 14:51

EAJk, PSE-EEk zein EH Bilduk aho batez onartu zuten Soraluzeko Baso Biziak taldeak eukaliptoen-landaketak saihesteko eskatuz aurkeztu zuen mozioa. Hortaz, Udalak konpromisoa hartu du “eukalipto- landaketak saihesteko bere esku dagoen guztia" egiteko eta Jaurlaritzari eta Aldundiari eskatzeko, hurrenez hurren, eukaliptoa Espezie exotiko inbaditzaileen Euskadiko katalogoan txertatu eta  eta eukaliptoa bertan sar dezala eta baso-politika alda dezala. Bideoa: Egoitz Unamuno.

Hiru alderdi politikoetako ordezkariek aho batez onartu zuten mozioa eta ñabardurak ñabardura denek azpimarratu zuten eukaliptoaren aurkako iritzia (ikus azalpen guztiak bideoan).

Adierazpen gogorrak   

Bozketaren ostean, aretora bertaratu zen baserritar batek adierazpen gogorrak egin zituen eukaliptoen landaketen kontra sinadurak batu eta mozioa aurkeztu zuten herritarrei zuzenduz. Besteak beste, aurpegiratu zien sinadurak batzen hasi aurretik baserritarrekin berbarik egin ez izana eta ohartarazi zien ez direla "inor" bere lurretan zer sartu behar duen edo sartu behar ez duen esateko. 

Sinadura bilketan ibili ziren herritarrek tonu lasaiagoan erantzun zioten egitasmoaren helburua ez dela baserritarrei kontra egitea, "eukaliptoari baizik", eta baserritarrek euren lurretan egin dezaketena edo egin ez dezaketena "legeak (baso politikak)" zehazten duela, "gainerako herritar guztiei kalean edo euren etxean egin dezaketena legeak zehazten dien bezala".  

Gipuzkoako Baso Elkartearen hitzaldia 

Bestalde, Iker Aldazabal alkateak jakinarazi zuen uztailaren 15ean (eguaztena), Gipuzkoako Baso Elkarteak gaiaren gaineko hitzaldia eskainiko duela antzokian, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.