Eukalipto landaketak "saihesteko" mozioa eztaibadagai biharko udalbatzarrean

Egoitz Unamuno 2020ko uzt. 1a, 13:23
Naturzaleak Topinburu inguruko eukalipto landaketetan.

Bihar, uztaileko udalbatzarrean, herrian eukalipto landaketak "saihesteko" eskatzen duen mozioa bozkatuko dute. Udalbatzarra arratsaldeko 19:00etan hasiko da.  

Maiatzean, Soraluzeko Baso Biziak taldeak sinadura bilketa abiatu zuen herrian eukalipto-landaketak geldiarazteko helburuarekin. Hogei bat egunez sinadurak batzen jardun ostean, guztira, 760 sinadura batu dituzte, horietatik 461 soraluzetarrenak. Taldekideak, gustura daude ekimenak jasotako babesarekin. Alderdi guztiekin bildu ostean, mozioa prestatu eta uztailaren 2ko udalbatzarrean, bihar aurkeztuko dute, bozkatu dadin.

Eskaria Udalari

Mozioak eukaliptoa espezie inbaditzaileen zerrendan sartzeko prozesua bizkortzeko premia azpimarratzen du eta ohartarazten du herrian, azken bi urteetan, insignisaren gaixotasuna dela eta, zuhaitz eremu zabalak mozten ari direla eta pinua ordezkatzeko proposatzen diren espezieen artean eukaliptoa dagoela. Hori esanda, Udalari eskatzen dio Soraluzen eukaliptoa eta gainerako espezie inbaditzaileen landaketak "saihesteko bere esku dagoen guztia egin dezala” eta eska diezaiola Jaurlaritzari eta Aldundiari Espezie Inbaditzaileen Katalogoa eratu eta baso-politikak alda ditzatela. 

Irakurri jarraian, mozioaren testua osoa: 

EUKALIPTO LANDAKETEI BURUZKO MOZIOA 

2017ko abenduaren 1ean Espainiako Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoaren Batzorde Zientifikoak jaulkitako txosten batean, Eucalyptus zuhaitzaren barietate guztiei “izaera inbaditzailea” adierazita, aho batez gomendatu zuten “baso-ustiapenerakoak diren eukalipto espezie guztiak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan biltzea, espezie horiek  arrisku handia dakartelako, euren ezaugarri biologiko, fisiologiko eta ekologikoen ondorioz”. Honekin batera gure lurraldean eta Ekonomia osoan sortuko lukeen eragina azpimarratzen da.

Gure agintariek ez dituzte oraindik adituen gomedioak kontutan hartu eta espezie exotiko  inbaditzaileen zerrendaren eguneratzearen zain jarraitzen dugu.

Soraluzen azken bi urteetan, Pinus insignisaren gaixotasunak direla medio zuhaitz landaketa eremu zabalak mozten ari dira epe motzean, horrek ingurumenean dakarren ondorio kaltegarriekin. Hori gutxi balitz, Pinus insignis ordezkatzeko proposatzen diren espezien artean Eucaliptus globulus eta Eucaliptus nitens agertzen dira.

Aurreko guztia kontuan izanik, honako hau eskatzen dugu:

  1. Soraluzeko Udalak, Eukaliptoa, eta lurrarentzat eta bioaniztasunarentzat kaltegarriak diren gainontzeko espezie guztien landaketak sahiesteko, bere esku dagoen guztia egiteko konpromezua hartzea.
  2. Kontuan izanik Euskadiko basoetan eta baso-lurretan Eukaliptoak duen presentziak lur hauen bioaniztasuna, produktibitatea, birsortzeko ahalmena, bizitasuna eta gaur egun eta etorkizunean izan behar dituen gizarte eta funtzio ekologikoak kolonkan ipintzen dituela, Soraluzeko Udalak, Eusko Jaurlaritzari Espezie Exotiko Inbaditzaileen Euskadiko Katalogoa eratzeko eta Eucalyptus barietate desberdinak katalogo honetan jasotzeko administrazio-prozedurak berehala ireki ditzala eskatzea.
  3. Soraluzeko udalak, Foru Aldundiari baso-politikak alda ditzala eskatzea; gure lurraldeetan eukalipto gehiago landatu ez daitezen, eta gaur egun mendietan dauden eukalipto-sailen ordezkapen ordenatua planifika dezaten.