Eguenean, 19:00etan hasiko da udalbatzarra, eta, gai-zerrenda ikusita, luze zein interesgarri joko duela dirudi. Batetik, gai asko landuko dituztelako, eta bestetik, gai horien artean, eduki mardula izango dutelako aztergai.
Gai esanguratsuenak aipatze aldera, diru publikoekin lotuta, lau puntu izango dituzte aztergai:
- 2019ko kontu orokorraren onarpena.
- 2019ko aurrekontu likidazioa eta idazkari-kontuhartzailearen komunikazioa: berri ematea.
- 2020ko aurrekontuko hainbat gastu partiden ez erabilgarritasun akordioa onartzea.
- 2020ko aurrekontuko kreditu aldaketak onartzea.
Pascual Churruca
Horrez gain, Pascual Churruca esparruan garatu nahi duten proiektua ere aztergai izango dute, bi puntutan. Batetik, EH Bilduk eremu horrekin lotutako mozioa aurkeztuko du. Bestetik, Udal Gobernuak proposatuko du hitzarmena onartzea, “Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin, Txurrukako azpieremuan, alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko”.
Bestalde, beste bi mozio ere aurkeztuko dituzte egueneko hitzorduan.
Batean eukaliptoen landatzea izango da protagonista, EH Bilduk, EAJ-PNVk eta PSE-EEk mozioa aurkeztuko baitute, bi herritarren izenean.
Beste mozioa, berriz, EH Bilduk aurkeztuko du eta haren bitartez, “COVID-19arengatik ekintza plana” mahai-gaineratuko du.
Esandako moduan, osoko bilkura 19:00etan hasiko da. Batzarra publikoa da, beraz, interesa duen edozein bertara daiteke.