Gauerdian hasiko da hauteskunde-kanpaina

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 25a, 09:15
Herritarrak botoa ematen, 2019an.

Gaur gauerdian hasi eta uztailaren 10eko gauerdira arte luzatuko da Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde-kanpaina. 18 hautagaitza aurkeztu dira uztailaren 12ko hitzordura. Bakoitzak, asko jota, 1.601.982,42 euro gasta ditzake herritarrei botoa eskatzeko jardueretan hiru lurralde historikoetan. Aurten, COVID-19aren eraginez, besteak beste, ezin izango dute eskuko propagandarik banatu.

Koronabirusak baldintzatutako hauteskunde-kanpaina abiaraziko dute gauerdian Legebiltzarrerako hautagaitza aurkeztu duten alderdiek eta koalizioek.

Saihestu beharrekoak

Segurtasun Sailak helarazitako prentsa oharrean jakinarazi dutenez, besteak beste, ondorengo ekintza hauek saihestu beharko dituzte:

  • 1- Kontaktu pertsonala, ezarritako segurtasun-distantzia une-oro mantenduz.
  • 2- Edozein objektu edo liburuxka eskura ematea.
  • 3- Ekitaldien antolatzaileak edo udalak -horiek egiteko baimena emanez gero- arduratuko dira ekitaldien guneak eta lekuak behar bezala garbitzeaz eta desinfektatzeaz, indarrean dagoen araudian eta osasun-agintarien jarraibideetan ezarritakoaren arabera.
  • 4- Lokal itxietan egiten diren hauteskunde-ekintzetan, gel hidroalkoholiko birizida baimenduak jarriko dira sarreran, eta erabiltzeko moduan egon beharko dute beti; irteeran, berriz, eskuz eragitekoak ez diren zabor-ontzi tapadunak egongo dira, eta zabor-poltsa ere edukiko dute.

Bestalde, Segurtasun Sailak  gehieneko gastua ezarri du alderdientzat: 356.683,21 euro Araban; 716.720,01 euro Bizkaian eta 582. 579,20 euro Gipuzkoan. Hori horrela, hiru lurralde historikoetan aurkezten diren taldeek ezin izango dute 1.601.982,42 euroko zenbatekoa gainditu.

18 hautagaitza

Hautagaitzei dagokienez, berriz, guztira 18 alderdi politiko eta koalizio aurkeztu dira; 2016an baino bat gehiago. Ildo beretik, Gipuzkoan 14 alderdi aurkeztu dira –2016an baino hiru gehiago–: EAJ, EH Bildu, PSOE, PP+Cs, Bidezko mundurantz, Euskadiren aldeko libreak, Aulki zuriak, Equo berdeak, VOX, Podemos-Ahaldugu/Ezker Anitza, Unión Cristiano Demócrata Española, PACMA/ATTKAA, Recortes Cero-Berdeak eta Alderdi Libertarioa.  

Soraluzen, EHBildu

2016an egin ziren Eusko Legebiltzarrerako azkeneko hauteskundeak. Soraluzen, EHBildu koalizioak eskuratu zituen boto gehien, boto guztien %36,06. Bigarren izan zen EAJ, botoen %31,76arekin; hirugarren PSE-EE, botoen %13,24arekin ; laugarren Podemos, botoen %10,21arekin eta bosgarren PP, botoen %5,80arekin.