Erle-multzo gehiago

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 23a, 17:14

Asteburuan, kiroldegi gaineko erle-multzoaz gain, Gabolatseko etxebizitza baten ere azaldu zen beste multzo bat. Joan den astean, berriz, Errekalde 40tik erretiratu behar izan zuten beste bat. Orain, ugaritu egin dira halako multzoak, sasoia baita. Halako kasuetan, multzoa ez bada bere kabuz joaten, Udalarekin harremanetan jarri eta hark herritarra eta erlezaina harremanetan jarriko ditu, erlezainak erle-multzoa erretira dezan.   

Urteko sasoi honetan, erle-erregina zaharrak, erlauntzetik irten, eta beste toki batera joan ohi dira, atzetik erle-multzoa dutela. Hori dela-eta, udaberri-udan ohikoa da erle-multzoak pilatzea han eta hemen. Herrian, halako hiru, behintzat, azaldu dira azken egunotan: Errekalden, kiroldegian eta Gabolatsen.

Halako kasuetan, hasieran, itxarotea da egokiena; kasu askotan erle-multzoa joan egiten da, leku aproposago baten bila. Esaterako, halaxe egin dute asteburuan kiroldegi gainean zein Gabolats kaleko etxebizitzako balkoipean azaldutako erle-multzoek. Ez, ordea, Errekalde 40an azaldu zenak.

Liztor beltzarekin, protokoloa

Azken kasu horretan, mugitzen ez direnean, Udalari abisatu behar zaio. Erle-multzoa elementu edo eremu publikoren batean baldin badago, Udala egingo da kargu. Multzoa eremu pribaturen batean baldin badago, berriz, eremuaren, etxebizitzaren edo dena delakoaren jabea erlezainarekin harremanetan jarriko du Udalak, eta jabea egin beharko da kargu.

Hori bai, erleak barik, liztor beltzak azaltzen badira, orduan hari dagokion protokoloa aktibatuko da: herritarrak udaletxera deitu beharko du eta bertan erabakiko da, kasuan kasu, nola jokatu.

Bideoa eta argazkia: Pedri Lete.

Erlazionatuak

Erle multzoa kiroldegi gainean

Erredakzioa 2020 eka 22 Soraluze