Liztor beltzaren aurkako kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2020ko api. 30a, 12:49


Liztor beltzaren aurkako aurtengo kanpaina jarri berri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko udalekin koordinatuz eta hauen esku utziz protokoloari hasiera emateko ardura.


Gipuzkoako Foru Aldundiko Fauna Basatiaren eta Abeltzaintzaren Departamenduak apirilaren 22an eman zion hasiera aurtengo liztor beltzaren aurkako kanpainari.

Habiak begiztatu diren abisua eman nahi denean, udaletxera deitu beharko da eta bertan erabakiko da, kasuan kasu, nola jokatu.

Aurtengo kanpainan fokoa lehen habietan jarri nahi duela jakinarazi du Foru Aldundiak, lehen habiak kentzea baliabide gutxirekin egin daitekeelako eta gainera hauek suntsitzean udarako bigarren habi kopurua asko murrizten delako.

Jarraitu beharreko protokoloa eta gidaliburua

Gipuzkoako Foru Aldundiko Abeltzaintza Zerbitzuak hainbat material jarri ditu herritarren eskuragarri:

Liztorraren ziklo biologikoa

Liztor habi bakoitzak ehunka erregina sortzen ditu udazkenean. Erregina hauek, babesean gordeta pasatzen dute baldintza gogorreko neguko egunik gehienak. Eguraldiaren baldintzak aldatzen direnean, erregina hauek lehen habia egiten hasten dira eta zeregin honetarako material eta elikagai bila ibiltzen dira batetik bestera. Garai hori, udaberri hasiera da (martxoa eta maiatza bitartean, baina aldakorra klimatologiaren arabera).

Erreginak, udaberri hasieran dira harrapagarriak; erregina galduz gero, habiako bizidunak galduta daude eta ziklo biologikoa moztuta geratuko da. Beraz, bigarren habia kopurua murriztu egingo da eta ondorioz kalteak gutxitu egingo dira.