Bihar, 17:00etan hasita, Arane kiroldegiaren sarrera aurrean izango dira Soraluzeko Pilota Elkarteko hainbat ordezkari, tartean, Aitor Atxotegi. 2019-2020 ikasturtean pilota elkartean ibili diren pilotariei, adinaren arabera antolatu, eta opari bana emango diete.
"Denbora berreskuratu"
Aitor Atxotegik, elkarteko pilotariak esan duenez, “martxora arte gogor entrenatzen ibiltzearren, eskerronez” emango diete oparia, pilota, “ea udan erabiltzen duten eta galdutako denbora berreskuratzen duten”. Aurreikuspenei dagokienez, Atxotegik adierazi du esperantza dutela irailean pilota ikasturteari ekiteko.
Federatuak hasi dira
Hark gaineratu du aste honetan, pilotari federatuek entrenatzen hasteko baimena eskuratu dutela eta dagoeneko horretan ari direla eskupilotako eta gomazko palako pilotari federatuak. Lauko multzotan entrenatzen dira, ordubeteko saioak eginez, kiroldegiko frontoian.