Euskaraldia enpresa, erakunde, elkarte eta entitateei begira

Erredakzioa 2020ko eka. 17a, 08:00

Donostiako agerraldia. Argazkia: Euskaraldia.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Bigarren edizioan, norbanakoez gain entitateek ere parte hartu ahal izango dute, euren baitan Ariguneak sortuz. Entitateek izena emateko epea irailaren 27an itxiko da.  

Ariguneak izango dira azaroaren 20tik abenduaren 4ra eginen den Euskaraldiaren ardatza, eta Euskaltzaleen Topaguneak jakinarazi du, dagoeneko hainbat sektoretako entitateak dihardutela izena ematen euskararen erabileraren aldeko ariketa kolektiboan parte hartzeko. Horretxen erakusgarri dira gaur Donostiako Tabakaleran egin duten agerraldian parte hartu duten erakunde eta enpresetako ordezkariak: Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea, Leire Okarantza Fagor taldeko Gestio Sozialeko arduraduna eta Jabier Otermin Super Amara Bera Bera klubeko komunikazio arduraduna. Erakunde publikoen aldetik, berriz, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek hartu dute parte.

2.100 barne arigune

Euskaltzaleen Topaguneak nabarmendu duenez, 324 dira jada Euskaraldirako izena emana duten herri batzordeak, baina zehaztu dute "egun batetik bestera" handitzen ari dela kopurua. Ariguneei dagokienez, 500dik gora egoitzak emana dute jada izena. Horien artean dira, esaterako: bulegoak, dendak eta entitateen barneko askotariko taldeak eta horien barnean 2.100 barne arigune identifikatu dituzte, eta 950 kanpo arigune. Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentearen arabera, "hasiera besterik ez da".

Deia entitateei

Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu duenez, COVID-19a eragina izaten ari da izen emateetan, eta ondorioz luzatu egin dituzte epeak. Herri batzordeek ekainaren 27ra arte izango dute izena emateko aukera, eta entitateek, berriz, irailaren 27ra arte. "Lasaitasun mezua" eman nahi izan dute, egoeraren jakitun, "bakoitzak bere posibilitateen arabera" parte hartzeko, baina izena emateko deia egin dute, bereziki entitateei zuzenduta: "Entitateek urrats praktikoak egin ditzakete, ikaragarri garrantzitsuak", nabarmendu du Amonarrizek.