Ia beteta dago Dolmenen Ibilbideko aurtengo lehen bisita gidatua

Ubane 2020ko eka. 12a, 11:45
Dolmenen Ibilbidera egindako bisitetako bat.

Etzi, domeka, estreinatuko da Dolmenen Ibilbideko aurtengo bisita gidatuen denboraldia. 20 lagunendako lekua izaten da bisita horietan eta gaur goizean, barikua, dagoeneko 19 lagunek eman dute izena, beraz, ia beteta dago hitzordua. Gainera, hurrengo bisitarako ere hasi da jendea izena ematen.

Domekan, 10:00etan, Karakatetik abiatuko da Dolemenen Ibilbidea bisitatuko duen lehen taldea, 19 lagunekoa. Violeta Bandres Geografia eta Historian lizentziaduna eta gidari profesionala izango dute gidari, iazko berbera. Izan ere, antolatzaileak asebeteta geratu ziren haren iazko jardunarekin. Geoparkeko bisita gidatuez ere arduratzen da Bandres.  

Domeka honetan leku barik geratu direnek, baina, aukera ugari izango dute Dolmenen Ibilbidea bisitatzeko, orain hasi eta urrira bitartean egongo dira-eta bisita gidatuak. Hemen klikatuta kontsulta daiteke egutegia.

Izena eman beharra dago

Esaterako, hurrengo hitzordua ekainaren 28an izango da. Dagoeneko 12 lagunek eman dute ordurako izena. 

Izan ere, bisita gidatuetan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da. Izena eman daiteke 657 79 46 77 telefonora deituz edo info@begi-bistan.com helbidera idatziz. Ibilaldian parte hartzeko gomendatutako gutxieneko adina, berriz, zazpi urtekoa da.