Hockeyko aurre-matrikula zabalik

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 9a, 12:05

Marras Hockey taldeko hainbat jokalari, frontoian.

Marras Hockey Taldeak iragarri du zabalik dagoela 2020-2021 ikasturterako aurre-matrikula egiteko epea, ekainaren 19ra arte. 40 euro da ikasturte osorako kuota eta ordainketa irailean egingo dute. Berritasun nabarmena izango du denboraldi berriak: hiru maila izango dira hockey taldean.

“COVID-19aren eraginez egoera berria nolakoa izango den ez dakigun arren, irailean egitasmoarekin jarraitzeko ilusio handiz gatoz, eta taldeen aurreikuspena egiten hastea komenigarria da pausuak ahalik eta modu egokienean emateko”. Azalpen hori emanda, Marras Hockey Taldeak 2020-2021 denboraldirako izena emateko epea zabalik izango du ekainaren 19ra arte. Urte osoko kuota da 40 euro, eta irailean kobratuko dute.

Izena emateko galdetegia bete behar da. Hemen klikatuta bete daiteke.

Hiru maila

Datorren ikasturteko denboraldia berritasunekin dator. Izan ere, hiru maila izango dira hockey taldean: benjaminak, alebinak eta infantilak. Halaber, mailaka antolatuta egingo dituzten entrenamenduetarako hitzorduak iragarri dituzte:

Benjaminak. 2011-2012 urteetan jaiotakoak. Eguenetan, 18:00etatik 19:30ak bitartean.
Alebinak. 2009-2010 urteetan jaiotakoak. Eguenetan, 19:15etik 21:00ak bitartean.
Infantilak. 2007-2008 urteetan jaiotakoak. Martitzenetan eta barikutan. 15:30etik 16:45ak bitartean. 

Patinaje saioak

Bestalde, Marraseko zuzendaritzatik jakinarazi dutenez, asmoa dute datorren ikasturtean nagusiendako patinaje saioak antolatzeko, eta baita ere, domeketan umeei eta gurasoei zuzendutako irristaketa topaketak egiteko. Edozelan ere, horren guztiaren gaineko xehetasunak aurrerago jakinaraziko dituzte. 

Iaz 32 gazte ibili ziren hockeyan, Marras Hockey Taldearen baitan. Horietatik 17 jokalari neskak izan ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.