FUTBOLA

Dena ondo bidean, Sorako entrenamenduak eta partiduak irailean hasiko dira

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 8a, 10:22

Sorako jokalariak iaz jokatutako partiduetako batean, Ezoziko Futbol Zelaian.

Soraluze Futbol Taldeak abiarazi du 2020-2021 denboraldirako izen-ematea, aurten on-line izango dena. Irailera arte eman daiteke izena. Denboraldi hasierari dagokionez, asmoa da “egoera normala bada” entrenamenduak irailean hastea. Baita partiduak ere. Gainera, albiste pozgarriarekin hasiko du denboraldi berria: bi urtean talde barik egon eta gero, Sorak jubenil taldea izango du. 

2020-2021 denboraldirako izena emateko aukera zabalik dago Sora futbol taldean, zapatuaz geroztik. Alarma egoera dela-eta, aurten, izen-ematea on-line bideratuko dute: http://www.soraluzecf.com/Registro/Inscripciones/. 

Irailera bitartean dago izena emateko aukera, ekipoak-eta antolatu ahal izateko orain komeni baita jakitea zenbat jokalari izango diren; baina kuotaren ordainketa urte amaiera inguruan egingo da, baita kontu korronte bitartez ordaindu nahi dutenen kasuan ere.  

Prezioak honakoak dira:

  • Futbol eskola (2009-2012): 130 euro
  • Infantilak (2007-2008): 160 euro
  • Kadeteak (2005-2006): 170 euro
  • Jubenilak (2002-2004): 190 euro

Beherapena eta material banaketa

Halaber, jakinarazi dute koronabirusaren eraginez, 2019-2020 denboraldian egon den etena dela-eta, beherapena aplikatuko dutela. Whatsapp bitartez jakinaraziko dute talde bakoitzeko jokalariei egokituko zaien zenbatekoa. Whastsapp bidez jakinaraziko dituzte ere, denboraldi berrirako, talde bakoitzeko jokalarientzat izango den material banaketaren xehetasunak.  

Denboraldi hasierari dagokionez, futbol taldearen asmoa da “egoera normala bada” entrenamenduak irailean hastea, betiko moduan. Baita futbol partiduak ere; Futbol Eskolakoen partiduak izan ezik, haien partiduak azaroan hasten dira-eta. 

Jubenil taldea

Gainera, Sorak albiste pozgarriarekin hasiko du denboraldi berria: bi urtean talde barik egon eta gero, jubenil taldea izango du 2020-2021 denboraldian. Hori bai, orduan, kadete taldearekin izango dute zailtasuna. “Oso justu daude, 14 bat-edo”, esplikatu dute.

Bestalde, jubenil taldearen harira, Sorak jakinarazi du uztailean 2-4 entrenamendu egingo dituztela, talde berriak elkarren arteko hasierako kontaktua izan dezan denboraldia abiarazi aurretik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.