%45 igo dira bisitak Plaentxia.eus-en

Egoitz Unamuno 2020ko eka. 6a, 08:00

Audientzien grafikoa.

Iazko datuekin alderatuta, martxoan, apirilean eta maiatzean, Plaentxia.eus-en bisita kopurua %45 igo da. Oro har, euskarazko tokiko komunikabideen audientziak asko hazi dira.  

Koronabirusaren krisia hasi zenetik, hedabideen audientziek nabarmen egin dute gora herrialde guztietan. Gurean, euskarazko tokiko hedabideak biltzen dituen Tokikomen, esaterako (bertako kide da Pil-pilean), krisia lehertu osteko lehen 20 egunetan bisita kopurua %34 igo zen. Igoera bereziki deigarria izan zen koronabirusak gehien kolpatu zituen eskualdeetako hedabideetan: Alea.eus-en (Gasteiz) %189 igo ziren bisitak, bere trafikoa ia hirukoiztuz, eta Geuria-n (Basauri), bisitak %142 igo ziren. Joxe Rojas Tokikomeko IKT eta komunikazio zuzendariak adierazi duenez, “egoera tamalgarri honek argi baino argiago utzi du sarritan bigarren mailakotzat jotzen diren toki komunikabideen garrantzia”. 

Plaentxia.eus-en datuek ere horixe erakusten dute, iazkoarekin alderatuta %45 igo baita martxotik maiatzera bitarteko bisita kopurua. Garai honetan, plazentziatarrek inoiz baino gehiago kontsultatu dute herri mailako informazioa, bai internetez eta baita paperean ere. Papereko daturik ez dagoen arren, badakigu herritar askok gogo bereziarekin jaso dituztela azken hilabeteotako aldizkariak. Askok zuzenean adierazi digute hori.

Publizitatea behera

Paradoxikoki, audientziak inoizko altuenak diren garaian, publizitateak behera egin du. Aurreikuspen optimistenaren arabera, sarrerak  %30-40 bitartean jaitsiko dira Pil-pileanen. Oraingoz, matrikulazio kanpainetan igarri da jaitsiera, baina pentsatzekoa da aurten ez dela jaietako programarik argitaratuko eta, ondorioz, bertan herriko komertzioek eta enpresek ipini ohi duten publizitatetik jasotzen den diru sarrerarik ez dela izango. 

Dirulaguntzei dagokienez, Udalak eta Aldundiak hitzartutako laguntzak mantentzeko borondatea adierazi dute, alde horretatik ez dugu murrizketarik espero. Dena den, egoera ekonomikoa kezkagarria da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.