"Hasierako egunak zoratzekoak izan ziren"

Egoitz Unamuno 2020ko eka. 6a, 08:15
Ubane Madera kazetaria Pil-pileaneko bulegoan.

Ubane Madera Pil-pileaneko kazetariak larrialdi egoerak komunikabidean eta bere kazetari jardunean izan duen eraginaren berri azaldu du.

Azken aste hauek zelakoak izan dira kazetaritza ikuspegitik?

Hasierako egunak zoratzekoak izan ziren. Informazio jarioa oso handia zen eta dena zen berria, dena koronabirusa, dena garrantzitsua, dena kontatu beharrekoa. Konfinamendu egoera zela eta kazetari lana nabarmen ugaritu eta zaildu zen. Hasieratik argi izan genuen lanean jarraitu behar genuela, komunikabideok funtzio publiko garrantzitsua betetzen dugulako. Hori bai, aldizkariaren kasuan zailtasun eta zalantza gehiago izan genituen, baina aurrera egitea erabaki genuen, eta azkenean, aldizkaria herriko etxe guztietara heltzea lortu genuen. Azken batean, koronabirusaren krisiak are gehiago bistaratu du euskarazko tokiko hedabideen funtzioa; batetik, hedabide handiek eman ezin duten informazioa ematen dugulako, herriko komertzioena, auzokideena... eta, bestetik, informazio hori euskaraz ematen dugulako. Plaentxia.eus-en bisitek ia %50 egin dute gora eta hori oso pozgarria da guretzat.   

Egoera honetan, zein izan da herritarrek gehien estimatu duten informazioa?

Datuei erreparatuta, ikusi dugu herritarrek asko estimatu dutela informazio praktikoa: saltokien ordutegi berriak, erakundeen eta zerbitzuen funtzionamenduari buruzko informazioa eta, noski, COVID-19ak herrian izan duen eboluzioa… Horrekin batera, lehen aldiz, herriz gaindiko informazioa ere landu dugu eta interesa piztu du. 

Uste duzu tokiko kazetaritza egiteko modua asko aldatuko dela?

Ez. Orain, akaso, gehixeago lan egingo dugu etxetik baina, tokiko kazetaritza jendearengandik oso gertu dagoen kazetaritza da, kalekoa, eta uste dut horrek horrela jarraituko duela. Albiste askoren berri kalean jasotzen dugu, herritarrek kontatuta edo zuzenean guk ikusita eta, ondorioz, kalean segituko dugu.