Abian da eskola kirolean izena emateko epea

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 4a, 09:15
Hainbat ume eskola kiroleko partidu batean.

Ekainaren 22ra arteko epea zabaldu dute eskola kirolari dagokion 2020-2021. ikasturtean izena emateko. Antolatzaileen helburua da matrikulazioa orain egitea, beharrezko segurtasun neurriak hartuta, irailetik aurrera eskola kirolaren jarduerekin hasi ahal izateko. Prezioa da 74 euro urte osorako. Ordainketa irailean egingo da.

“Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren erabakien eta segurtasun-neurrien zain egon beharko gara, ekintza modu seguruan burutu ahal izateko, baina, ordurako, guk gure partetik dena prest eduki beharko dugu, ekintzarekin hasi ahal izateko”; azalpen hori emanda zabaldu dute eskola kirolari dagokion 2020-2021. ikasturterako matrikulazio epea.

Egunak eta ordutegiak

Kirol jarduerak egiteko egunak eta ordutegiak ere jakinarazi dituzte, beti ere, aldaketaren bat izan ditzaketela jakinarazita, egoerak eta ikasle kopuruak eragindakoak:

  • 3. eta 4. mailetako ikasleak: martitzenetan eta eguenetan, 16:45etik 17:30era.
  • 5. eta 6. mailako ikasleak: martitzenetan eta eguenetan, 17:30etik 18:15era.

Izena emateko honako helbidea erabili behar da: kirola@soraluze.eus, eta bertan idatzi behar dira umearen izen-abizenak, 2020-2021. ikasturtean zein mailatan egongo den eta telefono zenbaki bat. Urte osoko matrikulazioarengatik 74 euro ordaindu behar da, irailean. 

Hainbat umek dagoeneko eman dute izena.