Itxita segituko du

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 3a, 12:15
Kiroldegiaren kanpoko aldea.

Udal Kiroldegiak itxita segituko du. Bai, behintzat, bigarren fasea bukatu arte. Ezustekorik ezean, astelehenean, hirugarren fasera pasatuko da Euskal Autonomia Erkidegoa. Fase berrian kirol azpiegituretarako ezarriko dituzten betebeharren arabera erabakiko dute Udal Kiroldegia zabaldu ala ez.

Astelehenean, ekainaren 8an, Euskal Autonomia Erkidegoa deskonfinamenduaren 3. fasean sartzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. Ezustekorik ezean, Euskadi pasatu ere pasatuko da fase berrira. Baina, oraindik, ez dituzte berretsi ze baldintza eta betebehar izango duen fase berri horrek.

Hain justu, kirol azpiegiturei dagozkien baldintzak ezagutu nahi ditu Soraluzeko Udalak, Udal Kiroldegia zabaldu ala ez erabakitzeko. Bigarren fasean ezarritako baldintzek (besteak beste, %30eko gehienezko edukiera, aldez aurretik txanda hartu beharra…) muga handiegiak ezartzen zituztelakoan erabaki dute, oraingoz, itxita segituko duela udal azpiegitura horrek. Egoera berean daude inguruko kirol azpiegitura publikoak ere.