Saltzeko mahaia jarri, eta berehala hasi dira herritarrak Bizikale elkartearen poltsa berriak erosten. Oihalezkoak dira, arinak (5 euro) eta sendoak (7 euro). Etxean baino hobeto inon, HERRIAN EROSI leloa dute idatzita, eta gaur arratsaldetik, herriko saltokietan eta tabernetan eskuratu ahal izango dira.
Diru horrekin, bonuak
Herriko merkataritzari eta ostalaritzari bultzada emateko kanpainaren barruan atera dituzte poltsa horiek. Eta, aldi berean, poltsen salmentatik aterako duten dirua herrian bertan inbertituko dute, zeharka bada ere. Izan ere, Bizikalek diru horrekin kontsumo-bonuak aterako ditu, herritarrek herriko saltokietan eta tabernetan erabil ditzaten.
“Poltsa hauek doan lortu ditugu. ZPubli + enpresak oparitu dizkigu, Bizikalek Soraluzen egin ezin dituen lanak (iragarki bereziak, pankartak…) han egitearen truke”, zehaztu du Ainhoa Ibarzabalek, Bizikaleko kideak.