Koronabirusa

Udalak 25.000 euroko partida bideratuko du itxita egon diren establezimenduei laguntzeko

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 15a, 09:53

KLB6 saltokia izan zen ixten lehentarikoa.

Udalak 25.000 euroko partida bideratuko du alarma egoeran itxita egon diren establezimenduei zuzeneko dirulaguntza bidez helarazteko. Horrez gain, Udala aztertzen ari da herriko establezimenduetan kontsumitzeko bonu-sistema abian jartzeko aukera eta baita Santiago-Santa Ana jaien bueltan zer egin daitekeen ere. Gai horiek izan zituzten berbetagai atzo goizean udal ordezkariek dendari eta ostalariekin egin zuten batzarrean.

Atzo, eguena, bilera bana izan zuten udal ordezkariek (Udal Gobernuak eta oposizioak) ostalariekin (10:00etan) eta dendariekin (13:30ean). Mahai gainean, hainbat gai izan zituzten aztergai. Zenbait  gairen gaineko erabakiak atzo bertan adostu zituzten; beste zenbait gai, berriz, datozen egunotan erabakiko dituzte. 

Erabakitakoen artean, honakoak:

  • Udalak 25.000 euroko partida bideratuko du alarma egoeran itxita izan diren establezimenduei laguntza zuzenak emateko.
  • Tabernariek aukera izango dute terrazak ipintzeko espazio publiko gehiago okupatuz; horrek ahalbidetuko die bakoitzak duen terrazaren %50a atera ahal izatea, eta aldi berean, segurtasun neurriak errespetatzea. Iker Aldazabal alkateak emandako xehetasunen arabera, datozen egunotan helaraziko dituzte ostalariek mahaiak ipintzeko kokalekuen gaineko euren proposamenak, beti ere, oinezkoen joan-etorriak bermatuz.
  • Udaltzaingoak lagunduko du segurtasun-neurriak ezartzen.
  • Horrela eskatzen duten ostalariei Udalak haimak lagako diete terrazak estaltzeko.
  • Santiago-Santa Ana jaiak ezin izango dira orain arte moduan ospatu. Kontzertuak eta zezenak ezin izango dira egin. Udala aztertzen ari da kale-giroa alaitzeko ze ekintza egin daitekeen.

Aztergai dago:

  • Herriko establezimenduetan kontsumitzeko bonu-sistema. Dendariak gaia aztertzen ari dira.