Itxialdian hainbat umek euskararekin daukaten harremana murriztuta gelditu da, eskola orduak gutxitu eta aisialdi ekintzak bertan behera gelditu izanaren ondorioz. Zaintza Saretik eskolako lanekin haurrei laguntzen diharduten boluntarioek, ikastetxeko irakasleek eta Pil-pileaneko aisialdiko arduradunek ere baieztatu dute premia hori.
Kontuan hartuta egoera luzatu daitekeela eta eskolak (lehen hezkuntzan) ez dituztela irekiko, Soraluzeko Udaleko Euskara Batzordeak erabaki du boluntarioen bidez gauzatuko litzatekeen ekimena abiatzea, EBETE hizkuntza zerbitzuaren laguntzaz.
Horretarako, Udalak boluntarioak behar ditu. Horietako bakoitzak astean bi aldiz 45 minutuko saio bat gidatu beharko du hiru edo lau haurrekin, hasiera batean 10-12 urte bitarteko haurrak izango dira eta adinaren arabera egingo dira taldeak–. Bost/Sei astean zehar egingo dituzte, eta saio horietan bideo-dei bidez elkarrizketa bat edukiko dute haurrekin eta hizkuntza lantzeko jolasak ere erabiliko dituzte, horrela euskara entzun eta bereziki hitz egiteko aukera emango zaie.
Boluntario horiei prestakuntza saio bat eskainiko die EBETEk; aurkezpenetarako gidak, elkarrizketetarako gaiak zein ahoz egiteko hizkuntza jolasak eta materiala emango dizkiete. Horrekin batera, EBETEk bideratuko du taldeen jarraipena, eta prozesu osoan zehar, zailtasunei aurre egiten lagunduko diete boluntarioei.
Boluntario modura izena eman nahi duenak hemen klikatu behar du.