Ikuspegi desberdinak Pascual Churrucan egin beharrekoaz

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 6a, 15:00
Udal Gobernuaren asmoa da Pascual Churrucaren orubean 29 etxebizitza eraikitzea.

Otsailean, EHBildu koalizioak moratoria eskatu zuen Pascual Churruca lantegiaren orubean Udal Gobernuak babes ofizialeko 29 etxebizitza egiteko duen asmoa dela eta. EH Bilduren ustez, erabakia hartu aurretik, beharrezkoa da herritarrei iritzia eskatzea eta herrian dauden beharrak aztertzea. Udal Gobernuak berriz, uste du Pascual Churrucan etxeak egiteko Eusko Jaurlaritzarekin adostu duen proiektua "aukera" dela Soraluzerentzat, eta "aukera hori ezin dela eta ez dela baztertu behar”.  

Otsailean, herritarrei zuzendutako batzar irekia deitu zuen EHBilduk. Oposizioko alderdiak esplikatu zuen, une honetan, Udalean erabakitzear daudela “herriko lehentasunak”: “Soraluzerentzat estrategikoak diren proiektuak (Olaldea, SAPA, Pascual Churruca,...) eta etorkizun sozioekonomikoa (langabezia, zerbitzuen gainbehera,...) daude jokoan”.

Herritarren iritzia jasotzeko beharra 

Hori horrela, Unai Larreategi bozeramaileak adierazi zuen inork erabakiren bat hartu aurretik, herritarren iritzia jasotzea beharrezkoa dela. Batik bat, proiektu horietakoren bat gauzatzeko bestelako erakundeengana diru eske jo behar badu Soraluzeko Udalak: "Iritzi desberdinak ditugu udalerriarendako lehentasunezkoak diren gai estrategikoen inguruan. Garrantzitsua iruditzen zaigu ez ibiltzea zinegotziak bakarrik halako erabakiak adosten edo negoziatzen. Adibidez, HAPOa, hau da, Egitasmo Orokorra landu zenean, Alkarrekinen bueltan egin zen. Ba orain berdin. Herritarrengandik kontrastea jasotzea beharrezkoa dela ikusten dugu. Hain justu, batzar irekiaren helburua horixe izan da: herritarrei informazioa eman eta haien iritzia bueltan jasotzea. Gero, iritzi hori lanean segitzeko erabiliko dugu". 

Moratoria 

Unai Larrategik azaldu zuen oposizioa eta Udal Gobernua ez datozela bat Pascual Churruca inguruan gauzatu beharko litzatekeen proiektuarekin. EHBilduko bozeramaileak adierazi zuenez, Pascual Churrucaren orubean etxebizitza sozialak egin nahi ditu gobernuak Jaurlaritzaren eskutik. Etxeok orain egin behar direla diote, gainera. 

Oposizioak, berriz, gaiari buruz erabakia hartu aurretik, moratoria eskatu du. Uste du  "datozen urte luzeetan" berau izango dela aukera bakarra espazio publiko baten gainean eta herriko beharrak aintzat hartuta, erabakiren bat hartzeko. SAPArekin egin den moduan, Pascual Churrucarako ere proiektua lantzea eskatu dio  EH bilduk Udalari, "bertan dauden aukerak eta herrian dauden beharrak aintzat hartuta". 

EHBilduk egokiago ikusten du Pascual Churrucaren eraikina bota beharrean, bertan erabilera anitzeko espazioak egokitzea. "Edozein modutan, akaso guk pentsamendu hori dugu, baina herritarrek beste bat dute. Azken batean, horrexegatik nahi dugu herritarrei hitza ematea".  

Udal Gobernuaren erantzuna

Hari erantzunez, oharra kaleratu du Udal Gobernuak (EAJ-PSE-EE). Bertan, oro har, azpimarratu du "dituen eta eskaintzen zaizkion baliabide eta aukerekin, Soraluzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) garatzen" ari dela, alderdi politiko guztien artean adostuta dagoen HAPOa, alegia.

Pascual Proiektuaren xehetasunak ere helarazi ditu gobernuak. Haien arabera, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak honako puntuak adostu dituzte: babes ofizialeko eta alokairuan emateko 29 etxebizitza eraikiko dira; Jaurlaritza arduratuko da lurzorua deskontaminatzeaz;  urbanizazio berean ibaiko pasealekuko urbanizazio lanak egingo dira; obrak lau urtean bukatuko dituzte, lurraren lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik zenbatzen hasita; etxe berrien beheko partean eraikiko dituzten lokalen erabilera -200 metro koadro asko jota- doan lagako dio Jaurlaritzak Udalari, baita lau etxebizitza ere, "Olaldean etorkizunean egin daitekeen jardueraren ondorioz, bertakoei bizilekua emateko". 

HAPOan jasota

Bestalde, proiektuaren harira, Udal Gobernuak gogora ekarri du, 2006az geroztik Soraluzen ez dela egin ezaugarri horiek dituen inbertsio publikorik; horrekin batera, gogora ekarri du, etxebizitzak eraikitzeko orubearen jabea Udala bera dela -2018an eskuratu zuen 404 euroren truke-, eta orubea hiri-lurzoru modura dagoela kalifikatuta HAPOan (Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra), honelaxe jasota: "Dauden industria-erabilerak Soraluzeko hiri-errealitatearekin bat datozen etxebizitzagatik ordezkatuko dira kokapen horretan". 

Ia zero euroko kostua

Esandako guztia kontuan hartuta, Udal Gobernuak azpimarratu du proiektu horrek udal diru-kutxarentzat "ia zero euroko kostua" duela eta, beraz, Soraluzerentzat "aukera" bezala ikusten du eta uste du "aukera hori ezin dela eta ez dela baztertu behar". Gobernuaren esanetan, "iritzi bera" dute HAPOa lantzeaz arduratzen diren teknikariek, "hirigintza-garapen horretan, etorkizunean, Olaldea eremuaren garapena errazteko modu bat dela ikusten baitute". Halaber, adierazi du Olaldeako garapena EHBilduk, EAJk zein PSE-EEk "estrategikotzat" jotzen duten arren, askoz zailagoa dela hura "zehaztea eta ekitea", lur ia guztiak pribatuak direlako.

Bukatzeko, gogora ekarri du kultura ekipamenduetarako eraikina Erregetxean dagoela aurreikusita HAPOaren arabera.