Kirol jarduerak data berrien zain

Ubane Madera Zangitu 2020ko mai. 6a, 09:27

Korrikalariak Urban Trail-en, iaz.

Konfinamendu egoerak bertan behera laga arazi ditu herrian egiten ziren kirol ekitaldiak. Soraluze, Mugituz! topaguneak halaxe egin du uda aurreko kirol probekin eta besteak beste, Urban Trail aurten ez da egingo; Soraluzeko Pilota Elkartekoak zain daude bana-banako entrenamenduak noiz hasi eta Sora Futbol Taldeari gaur jakinaraziko dio federazioak zer gertatuko den futbol denboraldiarekin.

Maiatzean egitekoa zen Urban Trail eta harekin batera Andaina Herrikoia; aurten, baina ez dira egingo. Apirilean egitekoa zen Frontenis Txapelketa, berriz, mistoa eta emakumezkoa “momentu aproposagoa” aurkitu arte ez da gauzatuko, baina esperantza dute aurten txapelketa egiteko aukera izatea. Halaxe jakinarazi du kirol proba horien antolatzaile den Soraluze, Mugituz! topaguneak. 

Alarma egoerak behartu, eta beste edozeren gainetik, “osasuna lehenetsita” erabaki dute horrela egitea. Uda osteko kirol probekin, berriz, oraindik ez dakite zer gertatuko den. 

“Alperrik da ezer aurreratzea, ez baitakigu gerora ere zein izango den egoera”, dio Jokin Martinezek, Soraluze, Mugituz! topaguneko kideetako batek. Hori bai, Martinezek argi du “egoera egonkortzen” denean, berriro ere ahaleginduko direla kirol ekimenak antolatzen eta “espero” du “jendea prest egotea berriro aktibatzeko". 

Pilota elkartea

Bestalde, Soraluzeko Pilota Elkartetik jakinarazi dute apirilean bertan gelditu zirela txapelketak bertan behera, eta kontrako abisua iritsi arte, horrela beharko duela izan. Gainera, Aitor Atxotegi elkarteko kideak nekezen txapelketetara bueltatzea ikusten du, ikusleak egoten direlako partiduetan. 

Esperantza du, aldiz, konfinamendua arintzean, nagusiak, akaso, banaka entrenatzen hasteko aukera izango dutela. Eta dio, akaso, irailean umeak ere bai, mugekin bada ere. 

Sora Futbol Taldea

Azkenik, Sora Futbol Taldeari dagokionez, klubak ere bertan behera lagata dauka jardun guztia, entrenamenduak zein partiduak. Hain justu, gaur, eguaztena, federazioak jakinaraziko die zer gertatuko den aurtengo futbol denboraldiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.