'Herriko tabernen' sententzia exekutatzen hasi dira eta Arrano Elkartea ixteko arriskuan dago

Ubane Madera Zangitu 2020ko api. 23a, 10:55
Arranoaren alde egin zuten protestarako erabilitako irudia.

Ezustean eta inolako jakinarazpen barik, 2014an Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako sententzia exekutatzen hasi dira azken orduotan. Haren arabera, Soraluzeko Arrano elkartearen bi solairuak enbargatuta daude, baita taberna ere. Oraingoz, Arrano Elkartean ez dute inolako jakinarazpenik jaso.

Azken orduotan, Euskal Herrian enbargatuta dauden 103 Arranoen edo Herriko tabernen bankuko kontuak enbargatzen hasi dira. 2014an eman zuen Auzitegi Nazionalak 103 Herriko taberna enbargatzeko sententzia hori, eta 2015ean Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen. Orain, inolako jakinarazpen eta abisu barik, sententzia exekutatzen hasi dira.

Soraluzeko Arranoa ere sententzia horren baitan dago sartuta. Hain justu, eta orain dela bost urte bertaratu zen epailearen arabera, Arrano elkartearen bi solairuak eta barruko genero guztia dago enbargatuta: edariak, platerak, tenedoreak…

Bi solairuak eta generoa

Sententziaren exekuzioaz, ordea, ez dute inolako jakinarazpenik jaso oraindik. Elkarteko batzordetik emandako informazioaren arabera, zer etor daitekeen “zain” daude: “Soraluzeko Arranoak ez du kontua enbargatuta, eta lokalekin zer gertatuko den ikusi egin behar. Dakigunez, hasi dira kontuak enbargatzen abokatuei abisatu gabe. Abokatuak ez dauka inolako informaziorik. Beraz, Auzitegi Nazionalarekin harremanetan jarri nahi dute abokatuek, informazioa eskuratzeko. Sententzia exekutatzen hasi dira, aprobetxatuz guk orain ezin dugula erantzun, ezin dugu protestarik egin, eta ezin gara inora joan elkartasun eske”. 

Soraluzeko Arrano Elkarteak 80 bazkide ditu. Elkarteko Batzordetik jakinarazi dute ahal bezain laster batzarra egingo dutela elkarteko bazkide guztiekin, gertatzen ari denari zela erantzun erabakitzeko.