'Etxealditik Euskaraldira' ekimena abiatuko da astelehenean

Egoitz Unamuno 2020ko api. 17a, 15:49

Astelehenean hasi maiatzaren 3ra bitartean egingo da Etxealditik Euskaraldira. Etxeko hizkuntz ohiturez "hausnartzea eta ekitea" dira helburuak, udazkenean egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren atariko modura. 

Ekimena apirilaren 20an hasi eta maiatzaren 3an amaituko da. Hiru fase izango ditu: lehengo fasean  ekimena aurkeztuko dute (apirilaren 20an); bigarrenean (apirilaren 21etik 23ra, hizkuntza-portaeren eta ohituren gaineko hausnarketa bultzatuko dute; eta hirugarren eta azken fasean, ohiturak aldatu edo finkatzeko zazpi proposamen praktiko zabalduko dituzte (apirilaren 24tik 30era). Ekimena, maiatzaren 3an egingo den ekitaldi bateratuarekin amaituko da.

Ekimenak irauten duen bi asteetan, goizero-goizero Euskaraldiko sare sozialetan ikusentzunezko pilula laburrak zabalduko dituzte, Etxealditik Euskaraldira ekimenean parte hartzeko jarraibideak emanez. Soraluzen, Soraluzeko Euskaraldiaren blogean jarraitu ahalko dira mezu guztiak. Blog hori astelehenetik aurrera izango da ikusgai webgune honetan bertan. 

Parte-hartze digitala eta fisikoa

Herritarrek ekimenean parte hartzeko bi bide nagusi proposatu dituzte. Bata, digitala; ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sare sozialen bidez zabaltzea, @euskaraldia eta #EtxealditikEuskaraldira traolak erabilita. Eta, bestea, fisikoa; leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea,  etxe horretako herritarrak ekimenean parte hartzen ari direla adierazteko. Puntuaren diseinua datorren astean zabalduko dute.