Debabarreneko ESIk (Erakunde Sanitario Integratua) gaur eguerdian helarazitako informazioaren arabera, astelehenetik aurrera, debabarrendarrendako lehen mailako osasun arreta ondorengo lau zentroetatik bideratuko dute: Eibarko osasun etxetik, Torrekua ospitaletik, Elgoibarko osasun etxetik eta Debakotik.
Debabarreneko ESItik adierazi dutenez koronabisaren pandemiak “aurrekaririk ez duen” egoera eragin du eta egoerak behartuta eta datorrenari aurrea hartzeko ahaleginean, etengabe dihardute osasun arloko profesionalen jarduna berrantolatzen, herritar guztiei ahalik eta arretarik egokiena eman ahal izateko.
Soraluzetarrak Elgoibarrera
Antolaketa berriaren ondorioz, astelehenetik aurrera Soraluzeko herritarrak Elgoibarko Osasun Etxean artatuko dituzte (943 03 26 10), bai arnasa-patologiak dituztenak eta bai bestelako patologiak dituztenak ere. Salbuespena sintroma hartu edo kurak egin behar dituzten herritarrak izango dira, horiei Alazne Mujika erizainak herrian bertan eskainiko die arreta, ohiko ordutegian. Gainerakoek Elgoibarko Osasun Etxera jo beharko dute, telefonoz, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 17:00etara bitarteko ordutegian.
Elgoibarren, soraluzetarrez gain, Elgoibarko eta Mendaroko gaixoak ere artatuko dituzte. Hori bai, Debabarreneko ESItik azpimarratu dute telefono bidezko arreta lehenetsiko dutela, “osasun zentroetara joan-etorriak gutxitzeko”.
Soraluzeko anbulatoriora dei daiteke
Gaur bertan abiarazi dute Call Center zerbitzua eta Soraluzeko anbulatoriora egiten diren telefono deiak (943 75 23 00) Call Center horretara desbideratzen dituzte, eta han ere, herritarrek medikuen arreta jasotzen dute. Call Centerraren ordutegia 08:00etatik 00:00etara bitartekoa da, asteko zazpi egunetan.
Eibar, Ermua eta Mallabia
Eibarren kasuan, bertako osasun etxean artatuko dituzte arnasa-patologiarik ez duten Eibarko, Ermuako eta Mallabiako herritarrak. Arnasa-arazoren bat dutenak, berriz, Torrekua ospitalean. Bi kasuetan, ordutegia 08:00etatik 17:00ak bitartekoa da.
Deba, Mutriku eta Itziar
Azkenik, Debako osasun etxean emango diete arreta Debako, Mutrikuko eta Itziarko herritarrei, arnasa-patologiak dituztenei zein bestelako patologiak dituztenei. Ordutegia Eibarko eta Elgoibarko bera da: 08:00etatik 17:00etara.