Erakunde publikoen informazioa

Aldaketak osasun zerbitzuetan

Erredakzioa 2020ko mar. 28a, 10:16

Astelehenetik aurrera, herriko eta inguruko osasun zentroetan aldaketak ezarriko dituzte. Soraluzeri dagokionez, lekuz aldatu dituzte anbulatorioko medikuak, baina osasun zentroa ez dute itxiko. Bertan izango da, besteak beste, Alazne Mujika erizaina, Sintroma hartzen dutenei eta kurak behar dituztenei arreta emateko. Bestalde, koronabirus sintomak somatuz gero, anbulatorioko telefonora deitu beharra dago: 943 75 23 00.

Behar gehien dituzten eskualdeko eta inguruko osasun zerbitzuak indartzeko helburuarekin, Soraluzeko anbulatorioko medikuak birkokatu egingo dituzte datozen orduotan.

Anbulatorioa zabalik

Horrek aldaketak ekarriko ditu, besteak beste, Soraluzeko anbulatorioan. Baina zentroak zabalik segituko du.

Orain arte helarazitako informazioaren arabera, anbulatorioan Alazne Mujika erizaina geratuko da, Sintroma eta kurak behar dituztenei arreta emateko, etxez etxe.  

Harekin batera izango da, baita ere, Yolanda García informazioa emateko.

Telefono zenbaki berriak

Bestalde, Covid-19 koronabirusaren sintomak -kalentura, eztula, arnasa hartzeko zailtasunak...- izanez gero, anbulatoriora bertara deitu beharra dago lehenengo: 943 75 23 00. Haren ondoren, berriz, larrialdietako telefonora: 943 46 11 11.

Anbulatorioko telefonotik deia desbideratu egingo dute gauerdira arte arreta emango duen call-center batera. Medikuak izango dira bertan arreta ematen, besteak beste.

"Telefono bidezko arreta ematen segituko dugu, baita etxeetara joaten ere. Elgoibartik abiatuko gara zerbitzuak ematera, baina oraindik ez dakigu zein arduratuko den zeregin bakoitzaz", esplikatu du Lourdes Letona medikuak.

Asteburuan, Elgoibarrera

Bien bitartean, asteburua izanik, soraluzetarrendako erreferentziazko zentroa Elgoibarko PACa da. Gaur eta bihar, 08:00etatik 20:00etara emango dute telefono bidezko arreta: 943 03 26 10.