Koronabirusa

Egoera zaila bizi dute Mesedeetako egoitzan

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 18a, 17:10

Mesedeetako egoitza.

Egun hauek denondako gogorrak badira ere, are zailagoak ari dira izaten Mesedeetako egoitzako bizilagunendako eta langileendako. Protokolo oso zorrotzak ezarri izanak asko gogortu ditu haien bizi eta lan baldintzak. Bestalde, prebentziorako materiala egoitzakoek euren kabuz lortu behar izan dute, Osakidetzan agortuta baitago. Sare sozialen bidez eskatu dute gaur 20:00etako txaloak egoitzetako langileendako izatea.

Azken egunotan, Mesedeetako egoitza goitik behera aldatu behar izan dute. Barruko espazioa banatu egin dute, zatikatu. “Adibidez, lehen bi jangela genituen, bada orain lau sortu ditugu. Modu horretara, egoiliarrak elkarrengandik distantzia handiagora daude. Gauza bera egin dugu beste lekuetan ere, eta egoiliar bakoitzaren profilaren arabera banatu ditugu”, esplikatu du Elena Beristain zuzendariak.

Hark gaineratu duenez, arrisku handiagoa duten egoiliar gutxi batzuk ere badaude, eta haiek eguna euren logeletatik irten gabe pasatzen dute.

Langileak

Egoitzako langileei dagokienez, berriz, gaur iritsi zaie prebentziorako material berria, egoitzako zuzendaritzak berak lortutakoa, maskarilla berriak-eta. Orain arte erabili duten materiala eurek sortu edo lortu behar izan dute, eskularruak, maskarillak eta buzoak, Osakidetzatik ez baitute materialik jaso.

“Protokoloa jarraitzen ari gara, garbiketa neurriak eta beste. Gainera, oraingo egoera dela-eta, langileek greba eten egin dute; hala ere, guk greba egoeran hartutako neurriak aplikatzen segitzen dugu: behin erabili eta botatzeko platerak eta edalontziak erabiltzen, eta abar”, esplikatu du zuzendariak.

Senideak 

Senideei dagokienez, berriz, bisitan ezin direnez joan, haiekin berba egin eta ikusi ahal izateko skype erabiltzeko aukera ahalbidetu dute.

Hala ere, Beristainek adierazi du egoera benetan zaila bizi dutela eta langileak eta egoiliarrak oso arduratuta daudela: “Egun batzuetan bestetan baino hobeto gaude... baina aurrera egiten duzu. Gero ikusiko dugu zela bukatzen dugun”.

 

 

 

Erlazionatuak

Gaurko txaloak egoitzakoendako

Ubane Madera 2020 mar 18 Soraluze