Eguenera arte eman daiteke izena ibilaldi neurtuan

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 10a, 11:25

Mendizaleak Gipuzkoan egindako ibilaldi neurtuetako batean. Argazkia: Goiena.

Eguenean, martxoaren 12an, bukatuko da Soraluzeko mendietatik domeka honetan egingo den ibilaldi neurturako izena emateko epea. Besteak beste, eskolaren bitartez eman daiteke izena, eta baita ere, e-posta baliatuta. 

Domekan, Gipuzkoako Eskolarteko Jokuen barruan, ibilaldi neurtuak egingo dituzte Gipuzkoako bost udalerritan, tartean, Soraluzen. 08:30-09:00ak bitartean abiatu, eta 2:30-3:30 ordu bitarteko ibilaldiak egingo dituzte Soraluzen, Lezon, Donostian, Idiazabalen eta Azpeitian.

Soraluzeko kasuan, bi ibilbide izango dira aukeran: motza, 8,58 kilometrokoa, eta luzea, 10,84 kilometrokoa.

Ibilaldi bi

Bi ibilaldiek ibilbide zati bat komunean izango dute: Zubi Nagusitik abiatu, San Andresera igo, Urtiazelaira joan, han hamaiketakoa egin, eta Ezozitik zehar, autobus geltokitik pasatu eta atzera ere Zubi Nagusira ailegatutakoan bukatuko dira. 

Ibilbide luzearen kasuan, San Andrestik Atxolineraino igoko dira, eta gero handik Urtiazelaira jaitsi. 

Soraluzeko ibilaldi neurtua dabil antolatzen bertako mendi taldea. Eta ikastetxeetan banatu ditu izena emateko orriak. Haiek bete eta martxoaren 12a aurretik entregatu beharko dira. Bestela, e-posta baliatuta ere eman daiteke izena: soraluzemt.umeak@gmail.com.

Kontuan hartu beharrekoak

Ibilaldi neurtuko partaideek honako puntuak hartu beharko dituzte kontuan, besteak beste. 

  • Ibilaldia patruilen sistema bitartez egingo da. Gutxienez 3 eta gehienez 5 eskola-umeez osaturik egongo dira.
  • Ibilaldi guztia egin eta kontrol puntu guztiak pasatzen dituzten patruilak klasifikatuak kontsideratuko dira.
  • Ikastetxe bakoitzeko patruilak elkartuta joango dira. Ikastetxe bakoitzeko nagusi bat edo gehiago joango dira bere ardurapean dauden neska-mutil guztiekin batera. 
  • Ibilaldi neurtua izanda, lasterketetan ez bezala, partaideek lortu beharko duten helburua erregulartasuna izango da, eta ez bizkortasuna. Jarritako denbora muga baino lehen iristen diren partaideak sailkapenetik kanpo geldituko dira.
  • Sorospen zerbitzua izango da ibilaldian.
  • Nork bere hamaiketakoa eraman beharko du (jana eta edana). Hori dela eta, ezinbestekoa da eskola-umeek motxila bana eramatea, nork berea. 
  • Bidean zehar jarritako seinaleak errespetatu behar dira. Seinalizazioa aldatzen duten patruilak sailkapenik kanpo geldituko dira.
  • Partaideek sortzen duten zaborra beren motxilan jaso edo antolatzaileek jarritako ontzi edo poltsetan utzi beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.