Berdinketa estua

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 9a, 11:02

Zapatuan, justu-justuan lortu zuen berdinketa Sorak, Danena taldearen kontrako partiduan. Hiruna egin zuten, Sorari berdinketa eman zion gola, Danenak ate propioan sartu ondoren. Partidu gogorra izan zen alde bietatik; hiru txartel gorri atera zituen arbitroak, eta Danenako jokalari bati sudurra apurtu zioten. Harmailetatik irainak entzun ziren, eta horrek hainbat zale haserrearazi egin zituen.

Zapatuko partidua irabazten hasi zen Sora, eta nahiz eta lehen berdinketa laster antzean etorri, bazirudien ondo bideratuta zutela norgehiagoka, etxekoen mesedetan. Ez zen horrela izan, ordea. Partiduak aurrera egin ahala, galtzen ere joan zen Sora.

Gogorra izan zen norgehiagoka, falta asko izan ziren; eta arbitroak, txartel horiak lehenengo, eta haien ondotik, gorriak ere atera zituen, hiru, guztira. Txarteletako bat eragin zuten kolpeetako batean, Danenako jokalari bati sudurra apurtu zioten ostiko batekin. Anbulantzian eraman behar izan zuten.

Sufritzen

Kontuak kontu, horrenbeste txartelen ondoren, Sora 9 jokalarirekin geratu zen unetxo batez; hortxe sufritu zuten gehien, bai taldeak berak, eta baita zaleek ere. Hala ere, amaierako minutuetan, Danenako jokalari bati txartela atera, eta hura ere kanporatu ondoren, parekoago geratu ziren taldeak, Sora 9 jokalarirekin eta Danena 10 jokalarirekin.

Sufrikarioa ez zen amaitu, baina. Zaleek hasperen luzea egin zuten Danenako jokalari batek gola bere ate propioan sartu eta horri esker, hiruna berdindu zutenean. Hortik gutxira amaitu zen partidua: 3-3.

Irainak harmailetatik

Hori bai, puntu ilun bat izan zuen partiduak: harmailetan zeuden hainbat gaztek arbitroa eta linierra iraintzen jardun zuten, eta horrek Zizurkildik etorritako ikusle batzuk haserrearazi egin zituen; zioten eurak partidu bat ikustera etorri zirela, eta ez harmailetan ikusi zituzten errespetu faltak.