Bihar egingo dute hauteskunde-mahaiak osatzeko zozketa

Ubane Madera Zangitu 2020ko mar. 9a, 09:22

Herritarra botoa ematen, iazko maiatzeko hauteskundeetan.

Bihar, martxoak 10, egingo dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako Soraluzeko mahaiak osatzeko zozketa. 45 herrikideren izenak aterako dituzte, ordenagailua baliatuta. Ohi moduan, mahaietan egotea tokatu zaienei datozen egunotan bertan helaraziko dizkiete jakinarazpenak. 85 euroko ordainsaria emango diete, eta Gizarte Segurantzan alta.

Apirilaren 5eko hauteskundeetan Soraluzeko bost hauteskunde-mahaietan egongo diren herritarren izenak ateratzeko zozketa egingo dute bihar, martitzena, horretarako propio erabiltzen duten ordenagailuko aplikazioaren bitartez. 

45 lagunen izenak aterako dituzte, Soraluzen egongo diren mahai bakoitzeko bederatzi izen. Eta ohi denez, datozen egunotan, udaltzainen bitartez helaraziko dizkiete haiei jakinarazpenak. Hauteskunde egunean arrazoi justifikatu barik ez aurkezteak isuna ekar lezake, eta baita espetxe zigorra ere.

Salbuespen kasuak

Mahaian ez egoteko, honako arrazoiak hartzen ditu aintzat hauteskunde batzordeak.

  • Gaixorik dauden pertsonak eta ospitaleratuak.
  • Hauteskunde-barrutitik kanpo bizi direnak.
  • Ontziratutako langileak.
  • Legean xedatutakoaren arabera hauta-ezinak diren pertsonak.
  • Seigarren hilabetetik aurrerako haurdunaldian dauden emakumeak eta amatasun-atsedenaldian daudenak.
  • Bederatzi hilabete arte haurra edoskitzen ari diren emakumeak.
  • Hirurogeita bost urte edo gehiago dituzten pertsonak.

Gainera, ezin izango dira mahaikide izan hauteskunde-batzordeetako kideak, hauteskundeetan hautagai gisa parte hartzen dutenak, kargudun publiko hautatuak edo izendapen askekoak edo eskubide zibil eta politikoak erabat indarrean ez dituzten pertsonak.

Alegazioak

Jakinarazpena jaso ondorengo zazpi egunetan, mahaikide izendatutako pertsonek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte edo salbuespena eskatu eskualdeko hauteskunde-batzordeari. Horiek egiteko inprimakia webgune honetatik deskarga daiteke: www.hauteskundeak.eus.

Hauteskunde-mahaietako lehendakariek edo bokalek pertsonako 85 euroko dieta jasoko dute. Gainera, Gizarte Segurantzaren estaldura izango dute, eginkizunak garatzen dituzten bitartean istripurik izanez gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.