Gabolats kalea bi puntutan itxiko dute bihar

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 18a, 12:01
Gabolats kaleko 8-10 zenbakien parean garabia ipini behar dute bihar, eguaztena.

Bihar, eguaztena, bi puntutan itxi egingo dute Gabolats kalea: batetik, Ezozibiderako aldapa, Gabolats-buruko palmondoak botatzeko lanengatik; eta bestetik, Gabolats 8-10 zenbakien parean, bertako etxe bateko obra egiteko garabia ipini behar baitute. Ez ibilgailuek eta ezta oinezkoek ere ezin izango dute bertatik pasatu.

Gabolatseko aldapari dagokionez, bihar 08:00etarako erretiratuta egon beharko dute han aparkatuta egoten diren ibilgailuak. Zirkulazioari dagokionez, bidegorritik desbideratuko dute. Eta oinezkoei dagokienez, berriz, haiek ere bidegorria erabili beharko dute erdigunera etortzeko, edo bestela Gabolatseko zubitik ibaia zeharkatu eta kiroldegiko pasealekutik etorri.

Gabolats 8-10 zenbakiei dagokienez, berriz, hango etxean obra egin behar dute, ibai aldera egin ere. Eta obra egiteko beso luzea duen garabia erabili beharko dute. Eta hain justu, garabi horren oinarria Gabolats kaleko 8-10 zenbakien inguruan ipiniko dute, lehenagoko Arostegi tabernaren parean. Beraz, kale zati hori ere itxita izango da, eta oinezkoek Gabolatseko zubia erabili beharko dute. 

 

Erlazionatuak