Bota egingo dituzte Gabolats-buruko palmondoak

Ubane Madera Zangitu 2020ko ots. 17a, 09:38
Bota behar dituzten palmondoak.

Eguaztenean, otsailaren 19an, bota egin behar dituzte Gabolats-buruko palmondoak. Haien sustraiak Gabolats 19ko lehen solairuko etxera sartu dira, baita Gabolats-buruko 21-29 zenbakien arteko estolderia zuloetara ere. Zuhaitzok bota ahal izateko, Gabolatseko aldapa itxi egingo dute trafikora, eta bertako aparkalekuak hutsik laga beharko dira eguaztenerako.

Udalak bota egingo ditu Gabolats gainaldeko bi palmondoak, eta seguru aski,  baita hirugarrena ere, bertako bizilagunekin horrela adostuta. Gabolats inguruko bizilagun batek landatu zituen zuhaitzok orain dela 50 bat urte, eta horrenbeste hazi dira, ezen haien sustraiak Gabolatseko 21-29 zenbakien arteko estolderia zuloetan zein Gabolats 19ko etxean sartu diren, kalteak eraginez, ur-zikinak sartu zaizkie-eta.

Aldapa itxita

Iker Aldazabal alkateak esplikatu duenez, Ur-kontsorziokoak jabetu ziren gertatutakoarekin, hodiak zaharberritzeko lanak egitean. Xehetasunen arabera, hilabeteak eman dituzte ikertzen nondik sartzen zitzaizkien ur-zikinak etxeetara, eta azkenean, kamera baten bitartez ikusi zuten palmondoen sustraiek eragindako kalteen ondorioz izan dela. 

Bada, etzi, eguaztena, botako dituzte zuhaitzak, eta horretarako garabia erabiliko dute. Debemeneko profesionalak bertaratuko dira lanera; eta lehenengo zuhaitzak zatitu egingo dituzte, bertan dauden lekuan, eta gero, garabia erabiliko dute zati haiek erretiratzeko. Hori dela-eta, Gabolatseko aldapa itxi egingo dute zirkulaziorako zein oinezkoendako, 08:00etarako itxi ere. Halaber, ordurako libre laga beharko dira aldapako aparkaleku guztiak. 

Hori horrela, ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorria Gabolatseko gaineko aldetik desbideratuko dute.